Inurritegia geroz eta politagoa dago!! izan ere, gaur, Nekanek ate handi bat egin dio, eta pixka bat gehiago gogortzeko, barrutik, pinotxoko orri gehiago jarri ditu! Modu honetan, umeak atea ireki eta itxi ahal izango dute! Aurrerago, atea irekitzeko sokaren bat edo antzeko zerbait jarriko dugu.
Ia goiz guztietan bezala, gaur, jolas libreko unerako, umeei ordenagailua piztu eta jolasteko erabiltzen duten programa ireki diet. Beti nire inguruan jartzen dira ordenagailua nola pizten dudan ikusteko, baina baita jolasteko irriketan daudelako!
Jolas librearen bitartean Nekanek eta nik haurrak aurretik moztutako eta margotutako inurriak margotzen bukatu dugu; zehazteko, inurria inguratzen zuena marroi kolorez margotu dugu. Honekin lortu nahi genuena gero inurritegiaren inguruan jartzerakoan txuri kolorea ez ikustea zen.
Gaur, arduradunaz aldatu dugu, aurretik izandakoak arduradun gisa bete beharreko hiru egunak egon delako. Hasieran oso urduri egon da, euskaraz hitz egitea asko kostatzen baitzaio eta berez ume hau horrela delako, baina esan behar dut bere burua oso ondo aurkeztu duela, baita egindako gainontzeko guztia ere!
Arduradunarekin bukatu dugunean, Nekanek ondorengoa egin behar zutela esan die: ume bakoitzaren izena txaloka silabetan banatzea. Ariketa hau, kurtsoaren hasieran egin zuten eta hainbeste denbora egin gabe egon direnez, Nekanek, gogoratzeko, berriro egitea pentsatu du. Txandaka egin dute, txandak eta besteak esaten dutena errespetatuz . Nekanek ume bakoitzari zuzendu eta lagundu dio. Ariketa hau egitea zaila egin zaien arren, azkenean, irakaslearen laguntzarekin ondo egitea lortu dute denek.
Patiora jaitsi baino lehen, Txirrita eta Inurriaren ipuina kontatu digute haurrek!!! Irakaslearen ondotik txandaka pasatzen aritu dira, bakoitzak ipuinaren zati bat kontatuz. Oso ondo antzeztu dute eta esan beharrekoa oso ondo esan dute! Nahiz eta batzuei lotsa oraindik ez kendu…baina denok parte hartu dute!.
Eta nik zer pentsatzen dut honetaz…? Ipuina kontatzeko modu asko daude, baina beraiek orain arte askotan entzundako ipuina kontatzea zoragarria iruditzen zait! Benetan asko gustatu zaidala! Pena bat da zuei erakusteko bideo batean grabatu ez izana …baina momentu horretan ez nuen kamara eskura…
Ipuinaren ondoren azkeneko ariketa egin dugu, eta horretarako, talde bakoitzeko arduradunak arkatzak eta lan- koadernoak hartu eta bere mahaira eraman ditu. Ariketa honetan, lehen kontatutako eta hainbeste aldiz ordenagailuan ikusitako ipuinaren pertsonaiak azaltzen ziren, Txirrita eta Inurria. Biak, komikietan azaltzen diren globoak zituzten eta bertan irakasleak arbelean idazten zuena kopiatu behar zuten ikasleek:
TXIRRITA: JOANGO GARA?
INURRIA: EZ
Esan behar dut, globoetan idatzitakoa ipuinarekin zerikusia duela!
Arratsaldean Nekanek eta biok lan handia egin dugu! Beste gelako irakasle batek egindako murala egiten bukatu dugu eta! Bitartean umeak nik banatutako argizariekin beraien marrazkiak egiten aritu dira, baita ordenagailuarekin jolasten, irakurtzen…hau da, jolas librearen antzeko denbora izan dute.
Aipatutako murala, argizariekin margotutako basoa zen, non bi zuhaitz, zerua, bi perretxiko eta lurra azaltzen ziren. Orri handi hori lurrean jarri dugu, mahai batean ez baitzen sartzen. Paper pusketak hartu eta margoa difuminatzen hasi gara, gutxienez hogeita bost minutu egon gara hori egiten. Muralarekin bukatzeko, argizariekin pixka bat gehiago apaindu dugu, eta gero, umeak hostoekin apaintzen hasi dira. Nekanek eta nik umeak hartutako hostoei kola eman diegu, gero beraiek nahi izan duten lekuan ipini dituztelarik. Denbora pasa ahala, geroz eta haur gehiago zeuden gure gelan! Izan ere, beste gelako irakasleak hostoak jartzera gure gelara etortzeko esan die. Denok hostoak jarri eta patiora joan dira, Nekane eta ni muraleko hosto tarteetan hosto gehiago sartzen geratu garelarik.
Zein mural polita geratu zaigun! Gainera, ilusioa egin dit beraiei lagundu izatea, mural horiek korridorean urtebete zintzilikaturik egoten dira eta! eta hor edukita ni eskola honetatik joaten naizenean nitaz gogoratuko direla uste dut…Baina oraindik eskolan gauza gehiago bizitzeko dugu!
Eskolatik irten baino lehen, ostiraleroko abestia entzun eta abestu dugu!
Ostirala iritsi da
iritsi da ostirala.
Pozez betetako eguna,
zatoz gurekin laguna.
Mantala etxera eta
oporrak bi egunetan.
Astelehenean berriz ere
bilduko gara ikastolan.
Laralala lara lara …
No hay comentarios:
Publicar un comentario