Vistas de página en total

domingo, 13 de noviembre de 2011

Gertaera erabakigarria


            Gertaera honetan Danel-i buruz hitz egingo dut, nahiz eta bere benetako izena hori ez izan, intimitatea errespetatzeko asmoz.

            Danel lau urteko mutikoa da, inoiz geldirik ez dagoena, eta talde lanetan arreta mantendu behar denean gutxitan egiten duena. Beti du irribarre bat aurpegian eta beti ari da graziak egiten beste umeei (positiboak). Lehen aldiz ikusi nuenean haur lasai bat zirudien, borrokak gustatzen ez zaizkion horietakoa, baina orain ikusi dut askoetan eskua altxatzen diela bere ikaskideei.

            Azken egun hauetan bere laguntxoei askotan joka ibiltzen dela ikusi dut, eta azkenean bera da beti negarrez amaitzen duena. Aste honetan, Nekanek goizago irten behar zuenez, patioaren orduan ni eta etxera joateko orduan ni bakarrik geratu nintzen. Patioan geundela, Danel gelako beste bat jotzen ikusi nuen, eta korrika beraiengana hurbildu nintzen. Danel-i zer gertatu zen galdetzen nion bitartean, aurpegian zaplazteko bat eman zidan, orduan errieta gehiago egin nion. Ondoren, izkina batean egin zuenaz pentsatzen ikusi nuen, bere arreba ondoan zuelarik. Gelara joan behar ginenean, hor jarraitzen zuela ikusita, bere bila joan nintzen, eta orduan bere arrebak ea zer egin zuen galdetu zidan eta erantzuna eman nion. Arrebari erantzun ondoren, pentsatu zuenaz nirekin hitz egiteko eskatu nion Danel-i eta besteei minik egin behar ez zaiela erantzun zidan, orduan gelara abiatu ginen.

            Hurrengo egunean, Nekaneri gertakaria kontatu nion eta berarekin hitz egin zuen, berriro ere negarrez hasi zelarik. Beranduago, lezioa ikasi zuela zirudien arren, ordenagailuaren aurrean zeuden bitartean, beste ikaskide bati joka hasi zitzaion, eta berriro ere esku hartu behar izan nuen.

            Ostiralean bertan ere beste ume bati joka hasi zen baloi bat zela medio, eta Nekanek bere ondoan esertzeko eskatu zion egin zuenaz pentsatzeko, eta beti bezala erantzun berdina eman zion, besteei ez zaiela minik eman behar hain zuzen ere. Ikusi dezakezuenez, ez da ez lehen aldia ezta bigarrena beste bati eskua altxatzen ikusi dudala, horregatik piztu du nire arreta eta beretaz hitz egin nahi izan dut gaur.

Eta noiz gertatzen zaizkio horrelakoak? Egun hauetan behatzen aritu naiz, eta ondorio hauetara iritsi naiz; batetik, zerbait ez lortzearen amorrua kanpora ateratzeko modu bat izan daiteke, eta bestetik, lau anai-arreba izanda, sarritan izaten den arazoagatik izan daiteke, jeloskor dago eta hori adierazteko modu bat izan daiteke. Agian bi arrazoien baturarengatik ere izan daiteke…

Kasu honetaz berri gehiago biltzen baldin badut, ziur egon zaitezte jakinaren gainean mantenduko zaituztedala!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario