Vistas de página en total

PAPERZORROA

 Paperzorro honetan poliki-poliki hausnarketak, bitxikeriak eta ariketak  jartzen joango naiz! Eta horretarako eta errazago irakurtzeko, ondorengo aurkibidea sortu dut. Espero dut ondo moldatzea aurkibide honen bidez!



AURKIBIDEA

1.- AURKEZPENA
2.- EGUNEROKOA
3.- GELAKO TXOKO DESBERDINAK

            -TXOKO TXURIA
            -LIBURUTEGI TXOKOA
            -PLASTIKA TXOKOA
            -ORDENAGAILU TXOKOA
            -ETXETXO TXOKOA
            -HARRERA TXOKOA

4.- GERTAERA ERABAKIGARRIA
5.- HAUR KANTAK
6.- HAUSNARKETAK
7.- LANAK
8.- MATERIALA (IKT-KO GALDERAK)
9.- PSIKOMOTRIZITATE GELA
10.-TALDEKATZEKO IRIZPIDEAK
11.-URTXINTXA PROIEKTUA
12.-PRACTICUM 2011 (HAUSNARKETA OROKORRA)




PRACTICUM 2011

            Bloggean ibiltzen zaretenen artean, askok jada ezagutuko nauzue, Donostiako Haur Hezkuntzako ikaskideek batik bat. Naiz eta aurretik ezagutu edo ez, gaur, ezer baino lehen, niri buruz zertxobait jakin dezazuen, nire burua aurkeztuko dizuet. Ondoren, orain arte blog honetan burututako praktikei buruzko azalpenei nire iritzia gehituko diet; adibidez, ikusitakoaren inguruan zer den gehien gustatu zaidana, zer gutxien.; zer gauzak arreta deitu didaten, etab. Eta bukatzeko, praktikei buruzko iritzi sakon bat irakurri ahal izango duzue.

                                                                     
            Ni Myriam Gonzalez naiz, Donostiako unibertsitateko Haur Hezkuntzako ikasle bat hain zuzen ere.Bizi naizen herriak Beasain du izena, eta bertan bizi izan naiz orain arte, 21 urte hain zuzen ere. Unibertsitatean sartu aurretik, goi mailako heziketa ziklo bat  burutu nuen, orain bezala Haur Hezkuntzakoa ere, eta unibertsitatera ogibide honetako oinarri batekin etorri nintzela esan behar dut. Bigarren mailan nago, eta hori dela eta, teoriaz aparte, praktika egiteko ere aukera izan dut. Praktika- aldia,  hilabete bat iraun du, eta nik aukeratutako ikastetxea Goierri inguruko herri bat da, zehazki Ordiziako Jakintza Ikastetxea; bertako eskolan, lau urteko 21 haurrekin egon naiz, baita irakasle zoragarri batekin ere.
Dakizuen bezala, lehenengo praktika- aldian gauza askok arreta deitzen dizu, ikastetxe ezezagun batetara joaten zarelako eta bertako jendea, irakasleak, ingurunea, metodologia, etab. ezagutzen ez dituzulako; orain arte, ikaslearen paperean egon zara eta ez irakaslearenean ordea, beraz, gaur egun arte, gure ikuspuntua ikaslearen aldekoa izan da. Eta gaur, honetaz guztietaz hitz egingo dizuet, zehazki, aipatutako ikastetxe berri horretan ikusitakoaren inguruko iritziaz.

            Ondorengo lerroetan ikastetxean ikusitako guztiaren inguruko iritzia emango dizuet. Alde batetik, Asko gustatu zaidan eta oso egokia iruditu zaidan gauzetariko bat taldekatzeko irizpidea izan da, izan ere, antolakuntza bat dago esertzeko orduan, erabili behar diren gauzak mahaira eraman behar direnean eta baita zenbait ekintza burutzeko orduan, taldeak jada osatuta daude eta.Gainera, gelan ikusi ahal dudanez, teknika hau oso positiboa da, haurrek oso ondo eramaten dute eta hori argi eta garbi ikusi dut haurrek arduraduna izatea ea noiz tokatzen zaien galdetzen zuten bakoitzean.Beraz, taldekatzeko modu hau ezin hobeagoa iruditu zaidala esan behar dut!.

            Beste aldetik, txoko txuriaren metodoa asko harritu nau,  oso txoko polita eta beharrezkoa iruditzen zait. Gelan egon naizen hilabetean  bere garrantziaz ohartu naiz, eta garrantziaz aparte, txoko honekin lortu nahi den helburua azkenean lortzen dela ere konturatu naiz. Orduan, argi eta garbi ikusten dugu txoko hau ezinbestekoa dela,  gaian azaltzen diren zenbait gauza ikasteko oso lagungarria delako,  eta gainera, haurrei gaiarekin lotuta dauden gauza errealak ikustea ilusioa egiten dielako.

            Horietaz aparte, ikaragarri gustatu zaidana psikomotrizitate gela izan da. Gela honetan material ugari daukate edozein gauzatan jolasteko, eta gainera, sekulako espazio zabala dute edozein mugimendu edo jolas ahal izateko. Pilotaz beteriko igerilekua ere harritzekoa da, handia izateaz gain, pilota asko ditu barnean.Eta gutxi balitz, materiala oso ondo zainduta eta antolatuta daukate, gauza bakoitza, erabili ondoren, bere kaxan sartzen delarik.

            Inoiz ahaztuko ez dudana Pintto da. Pintto, gogoratzen bazarete, nire gelan zegoen maskota zen.Oso erabilgarria da, egunero erabiltzen genuen idazteko orduan, bera baita umeei idazten laguntzen eta irakasten diena. Bere marra horizontalak, bertikalak, diagonalak eta isatsaren formak izen bana dute, eta horrela gidatzen dira haurrak idazteko orduan.

            Arreta deitu zidan beste gauza bat arduradunak egiten zuena zen. Hiru egunetan eginbehar batzuk zituen, eta beraz, hiru egun horietan protagonista zen. Konturatu izan naiz, haurrak arduradunak izateko irriketan daudela, eta unea iristen denean urduri daudela, baina hala ere, ahal duten hobekien egiten saiatzen dira. Azkenean, haur guztiak betetzen dute arduradunaren lana, zerrenda bukatu arte jarraitzen da eta gero, berriro ere hasieratik zenbatzen da.

            Informazio eta komunikaziozko arloari dagokionez, ez dute ni pentsatzen nuen bezain beste erabiltzen, baina egia da eguneroko lehen orduan gelan bertan dagoen ordenagailuan txandaka ibiltzen direla. Ordenagailu gelara astean behin joaten dira, horregatik esaten dut berez ez dituztela asko erabiltzen. Materialaren aldetik, hardware eta softwarea erabiltzen dituzte; hau da, alde batetik ordenagailua erabiltzen dute, baina bestetik ere, programak, jolasak, ipuinak, etab. erabiltzen dituzte.Internetaren erabilpenari buruz, irakasleek bakarrik erabili dezaketela esan behar dut, eta hau oso egokia iruditzen zait, izan ere, haurrek ez dute lau urte baino.

            Alde negatiboan ez dut gauza bat baino ikusi, eta hori psikomotrizitateko orduan izan da. Harresiaren uneari buruz ari naiz. Ez dut une hau bizitzeko aukerarik izan, bertako irakasleak ez dute egiten eta… Gainera haurrei asko gustatuko zitzaien harresia botatzearena.

            Hau guztia esan ondoren ikusi dezakezue gauza negatiboak baino, positiboagoak gehiago izan direla. Goran aipatutakoak ez dira gustatu zaizkidan bakarrak, gehiago daude, baina ez nuke inoiz bukatuko…eta horregatik garrantzitsuenak ipini dizkizuet.
Gainera, horiek guztiak birgogoratu ondoren, ondorio bezala iritzi batzuk etorri zaizkit burura, besteak beste, asko ikasi dut eskolan egondako asteetan; ez naiz inoiz gaizki sentitu, haurrak lehen momentutik oso ondo hartu baininduten; oso maitatuta sentitu izan naiz, eta maitasuna nik haurrei ere adierazi dietela esan behar dut; egoera desberdinetan zer jarrera hartzea egokia den ikasi dut; inprobisatzen jakiteak haurrei irakasteko eta zerbait ulertzen laguntzeko zein garrantzia duen ikusi eta ikasi izan dut; haurrek txandak errespetatzeko eta materiala denok erabiltzeko dela jakiteko, mugak jartzen jakitea beharrezkoa dela ikasi dut; irakasteko orduan motibazioa ezinbestekoa dela ere ohartu izan naiz; etab. Horrenbestez, blog honetako etiketa batean praktikak bukatu arteko hausnarketa batzuk ditut, non, nire sentsazioak, esperientziak, ikasitako gauza asko, etab. biltzen ditudan.

            Bukatzeko, esperientziarik nabarmenena eta ahaztezinena izateko aukera izan dudala azpimarratu behar dut. Eskerrak eman nahi diet bai nire 21 haurrei, irakasleari eta baita ikastetxe osoa osatzen dutenei ere! BIHOTZ- BIHOTZEZ… ESKERRIK ASKO!







1.-


 OROITZAPENEN ETA IRAKASLE IZAN NAHI IZATEAREN ARRAZOIEN BILA




A) NIRE ESKOLATZEKO UNE GOZO ETA TXAR BANAREN DESKRIBAPENA.

            Hurrengo lerroetan, iraganera itzultzen saiatuko naiz, hau da, nire eskolatze garaiko gertaera onak eta txarrak gogoratzen saiatuko naiz. Garai hartako hainbat gauza gogoratu ditut, eta ondoren idatziko ditudanak garrantzitsuenak dira niretzako.

            Hasteko, nire oroitzapen txarrez hitz egingo dut. Eskolatzean gertatutakoa da gertaera hau, eta berandu arte ez zuen amaierarik izan. Oroitzapen honen protagonistak ni neu eta nire lehengusua gara.

 Nire lehengusuak txikitatik ezintasun psikiko bat du eta ni beti izan naiz bere ondoan laguntzeko prest eta une oro maitasuna emanez. Esan behar dut, haur hezkuntzatik ikasgela berean egon garela, eta garai hartan, ezintasunak zituzten umeak B ereduan sartzen ziren, hau da, nik neuk ikasi nuen ereduan zeuden; egoera ezberdinak aurkitzen ziren, gurpildun aulkian zegoen neskatxa bat zegoen, beste batzuek hitz egiterako orduan zailtasunak zituzten, beste batek Down sindromea zuen, etab. Hori dela eta, beti elkarrekin egon gara, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren urtera arte.

Nire lehengusua oso mugitua eta hizlaria  zenez, pazientzia asko izan behar zen berarekin, eta edozer gauzarekin segituan aztoratzen zen. Ikaskide guztiak hori jakinda, berari adarra jotzen zioten, eta berehala nire bila etortzen zen. Horiek ziren eskolan pasa ditudan unerik gogorrenak, nire lehengusua negarrez nire bila etortzen zen momentuan eta nola adarra jotzen zioten ikustean. Kasu horietan, beti defendatzen nuen, eta askotan, beste ikaskideekin haserreturik bukatzen nuen; nik ere askotan negarrez bukatzen nuen momentuko tentsioaren ondorioz, eta orainaldian oroitzapen horien gainean gogoeta eginda, ez naiz ezertaz damutzen, nire bihotzak esandakoa egin bainuen.

Guzti hau bizi ondoren, eta denbora guzti horretan pertsona horiekin bizi ondoren, hau da ikasi dudana: pertsona guztiek merezi dugun errespetua berdina dela kasu guztietan; laguntza gehiago behar dutenez, prest egon behar dugula hori emateko; guk uste dugun baina maitasun handiagoa behar dutela; gure arreta beharrezkoa dutela, hau da, beste edozein pertsonak bezala entzute aktibo bat behar dutela; onerako eta txarrerako bere ondoan egotea ezinbestekoa dela; etab.

Gaur egun ere, nire lehengusuarekin egoten naizen bakoitzean, portaera berdina izaten jarraitzen dut, bera pozik egotea eta izatea da nik lortu nahi dudana. Nire gelan egon diren beste ezinduekin ere harremana izaten jarraitzen dut, izan ere, kalean edo edozein lekutan ikusita ere, beti geratzen naiz eurekin hitz egiteko.

Pertsona hauekin bizitako guztiaren ondorioz betidanik irakaslea izan nahi nuela jakin dut, heziketa bereziko irakaslea. Gaur egun, haur hezkuntza egiten ari naiz, izan ere, ezintasuna duten haurrekin lana egiteko aukera ere ematen baitit.

Ez nuen inoiz pentsatu gai honi buruz sekula hitz egingo nuenik, eta are gutxiago hemen idatziko nuenik, baina azken finean hau nire iragana izan zen, eta nire istorioaren zati bat da.

Oroitzapen txarrak alde batera utziz, ona azaltzera pasatuko naiz. Burura datorkidan oroitzapen hoberena, edozein eskulanen aurrean nengoen unea da. Bertan, orduak minutuak balira bezala igarotzen ziren, eta nire irudimena hain handia zen edozer gauza egiteko gai nintzela, irakaslea ere harrituta uzten nuelarik.

Plastikako txokoan esertzen nintzen bakoitzean ikastetxeko umerik zoriontsuena nintzen, ez zitzaidan axola marrazki bat egin behar bazen edota plastilinarekin irudiren bat egin behar bazen ere, ezta ariketa gidatu bat egitea ere. Egiten nituen marrazkietatik gogoan ditudanak hauexek dira: antzarrak ( beti ere beren lazotxoa buruan zutela), lore ezberdinez beteriko ontziak, etxetxoak ( teilatuaren azpian leiho borobil bat zutenak) eta hondartza ( arrainez beteta).

Askotan nire marrazkietan nire sentimenduak eta bizitzako egoerak islatzen nituen, oraindik gordeta ditudan marrazki batzuetan, garai hartan hauek egiteko erabilitako koloreengatik eta marraztutakoarengatik esaten dut hau. Eta oraindik gogoratzen dut marrazkiekin egiten genuena, batzuetan irakasleari oparitzen genizkion, eta beste batzuetan, gure artean oparitzen genituen, bakoitzak zuen marrazkietako karpetan gordetzeko edo etxean zintzilikaturik ipintzeko.

Eskulanen orduan, nire gelakideak niregana laguntza eske etortzen ziren, eta nik, gustu handiarekin, nire laguntza eskaintzen nien. Bestalde, nire eskulanekin oso zorrotza nintzen, beti egindako guztia ezin hobeto egiten saiatzen bainintzen.

Behin, irakasleak nire gurasoei plastikako irakasle izateko balio nuela esan zien, eta esandako hori kontutan hartu dut, haur hezkuntza ikasten ari naiz eta marrazkiak egitea eta eskulanetan trebea izatea oso garrantzitsuak diren aspektuak dira.

Txiki – txikitatik hasi zen nire denbora-pasa gogokoenetako bat izaten eta gaur egun ere nire denbora librean marrazten eta eskulan batzuk egiten jarraitzen dut (nahiz eta denbora asko ez izan). Nire azken eskulanak kaxa batzuen apainketak izan dira (argazkiekin, lazoekin, egunkarietako orrialdeekin, etab.); nire azken marrazkiak, aldiz, modelo batzuenak izan dira (arropa diseinatzea asko gustatzen zaidan gauzetariko bat da eta).

Bukatzeko, esan behar dut asko gustatu zaidala eskolatze aldian gertatutako oroitzapen on eta txarrez hitz egitea, sentimendu eta emozio asko ekarri dizkit eta. Gauza batzuk irribarre bat marraztu dute nire aurpegian, eta idazteari utzi diot momentu haietara berritzultzeko…

Beraz, asko gustatu zait ariketa hau egitea, haur hezkuntzako irakasle izango garenean gure ikasleek gu bezala oroitzapen onak eta txarrak izango baitituzte, eta gu geu izan gaitezke oroitzapen horien eragile nagusienetariko batzuk. Beraz, saia gaitezen hezkuntza on bat ematen, baina baita, horrez gain, betirako gordeko dituzten momentu dibertigarri, goxo eta ahaztezinak ematen.




 
B) NI ESKOLAN




           
            MARRAZKIEN AZALPENA:

            Goiko marrazkian ikusten duzuen bezala, eskolatze garaiko oroitzapenak plasmatu ditut. Ezkerraldean, oroitzapen ona dago marraztua, eta eskuinean, berriz, egoera txarra. Egoera hauetaz lan honen A atalean hitz egin dut, baina orain gehiago sakonduko ditut buruan dauzkadan oroitzapen horiek.

            Eskuinaldeko marrazkian, ni plastikako txokoan marrazten eta margotzen azaltzen naiz, nola ez, antzarrak bere lazo handia buruan dutelarik. Momentu horretan, nahiz eta nire aurpegia ez ikusi, marrazten irribarretsu azaltzen naiz, txoko hau nire gogokoena baizen. Mahaian eserita nengoen bakoitzean, bakarrik nengoela iruditzen zitzaidan, une horretan margoak, papera eta ni neu baikinen gelan geunden bakarrak. Hori da mahaia eta marrazteko papera hain handiak egin ditudan arrazoia, eta baita nire inguruan ezer gehiago ez margotzearen arrazoia. A atalean esan bezala, marrazketako orduak minutuak balira bezala igarotzen zitzaizkidan eta ordu hau amaitzen zen bakoitzean, berriro ere, hurrengo plastika ordua noiz iritsiko itxaroten egoten nintzen. Egin dudan marrazkian, irakaslea azaltzen ez den arren, nire margolanak bukatzen nituenean beti besoa altxatzen nuen niregana etorri zedin, eta egindako marrazkia erakusteko, horrela berak on-ikusia ematen zidan eta izena jartzeko esaten zidan, ondoren nire apalean ondo gordetzeko. Niretzako izena jartzeko une hori artista handiak beren artelanetan sinadura jartzen duteneko bezalakoa zen. Beraz, plastikan bizitako uneak gehien gogoratzen ditudanak dira, beste hainbat momentuz ez hainbeste… marrazten eta eskulanak egiten goiz hasi nintzen, eta espero dut zahartzaroan ere horrela jarraitzea!

            Eskuineko marrazkian, ezkerraldeko marrazkian ez bezala, patioko orduan gertatutako gertakari bat islatzen dut. Patio ordu guztietan, azkenean nire lehengusuak eta nik elkarrekin bukatzen genuen -marrazkian ikusten den bezala. Beste ikaskide batzuk egunero nire lehengusuari adarra jo ondoren negar batean nire bila etortzen zen, eta nik kontsolatzen eta defenditzen saiatzen nintzen.  Ikusten duzuen bezala, zerbait gertatzen zitzaion bakoitzean niregana etortzen zen, nahiz eta bere irakaslea patiotik ibili baita ere. Marrazkian nire lehengusua negar egiten egin dut, baina marrazkian islatzeko ezinezkoak diren beste sentimendu batzuk ere bazituen, urduritasuna eta frustrazioa; une horietan, nik ere beste sentimendu batzuk banituen, haserrea eta bera horrela ikusiz pena handia, izan ere, egoera hauek egunero errepikatzen ziren. Horregatik eta beste hainbat gauzengatik betidanik oso harreman ona izan dugu, eta niretzako ahizpa bat bezala da, izan ere, berari zerbait gertatzen zaioenean niri ere kalte egiten dit.

            Marrazten hasi baino lehen, nire oroitzapenetan jira eta bira ibili naiz nire haurtzaroko itxura nolakoa zen gogoratzeko, baita nire lehengusuarena ere. Bertan islatu ditudan janzkerak benetakoak dira, baina koloreak ez ditut oso ondo gogoratzen. Nire lehengusuari soineko eder horrekin marraztu diot berarentzako soinekoak eta gonak bere jantzi gogokoenak direlako, eta ni ere soineko batekin azaltzen naiz, niri ere asko gustatzen zitzaizkidalako horrelako jantziak.


2.-




Egunero esaten dizuedan bezala, arduradunak hiru egunetan eginbehar batzuk ditu; hala nola, batetik, egutegian gaurko eguna borobiltzea eta zenbakia ozen esatea, eta bestetik, asteko zein eguna den esatea eta Txirritx-en irudia bertan jartzea.Honekin bukatzen dutenean, gelara etorri diren laguntxoak zenbatzen ditu, norbait falta baldin bada, orduan bere izena etxetxoaren irudian jartzen du, falta diren kopurua ere bertan jarriz.


            3.-


Ikusi dezakezuen bezala, goiko marrazkian dagoena ni neu naiz, magisteritzako eskolan. Nik gelan imajinatzean horrela ikusi naizelako egin dut marrazki hau; hau da, gelaren erdian ni bakarrik nagoenaren irudia etorri zait burura, irakaslearen azalpenak entzuten eta nire koadernoan interesgarriak iruditzen zaizkidan gauzak idazten.
Suposatzen dut nire aurpegiaren espresioak dena esaten duela, distraitu gabe arreta handiz entzuten ari naizela; eta dudarik gabe, entzuten ari naizena nire modura egokitzen dudala ( gero nire buruan garbi eta txukun gordetzeko ).

            Duela urte batzuetatik gaur egun arte, entzutea eta apunteak hartzea izan dira nire egunerokotasuneko zati bat, niretzako hori egiteak ez du esfortzu handirik suposatzen, gerorako asko laguntzen baitu, adibidez, azterketa egunerako ikasteko orduan. Honetaz aparte, ongizatea ekartzen du, apunteak zuk zeuk hartutakoak baitira, zu zara gogoa jarri duena eta behar zen unean arreta handiz entzuten egon dena, zuk zeuk egin duzu, eta ez aldameneko beste ikasle batek.

            Marrazkian ikusi dezakezuen bezala, eta aurretik esan bezala, egindako marrazki honetan ni bakarrik azaltzen naiz, nire inguruan inor ez dudala. Une horretan horrela sentitzen naizelako egin dut marrazki hau, irakaslearen azalpenak eta ni bakarrik egongo bagina bezala. Burbuila batean sartuta, edo gela batean sartuta, egongo banintz bezala sentitzen naiz askotan, non irakaslearen ahotsa bakarrik entzuten den, ahots bat azalpen batzuekin lotuta doana; azalpen horiek entzun nahi ditut, gero, horiek, nire modura erabiltzeko eta ikasitakoaren biltegian gordetzeko. Ikusten duzuen bezala, horrela sentitzeak batzuetan ongizate pertsonala eta gauza positiboak ekartzen ditu.

            Mahaiaren gainean kartapazio bat, azpimarratzaile bat, ezabagoma bat, arkatz bat (nire eskuan dudana) eta apunteak hartzeko koadernoa baino ez ditut. Horiek dira erabiltzen ditudan gauzarik oinarrizkoenak, eta baita mahaiaren gainean inoiz falta zaizkidanak ere. Honela, arreta mantentzeko erraztasun handiagoa dut eta egiten ari naizena gogo gehiagorekin egiten dut; distrakzioak zer diren badakidanez, saihesten saiatzen naiz, eta aurretik aipaturiko materialak baino ez ditut erabiltzen.

            Marrazkiaren azalpenari bukaera emateko, garrantzitsua iruditzen zait ondorengoa txertatzea. Marrazkian arreta handiz agertzen naiz nire gustukoa den materia ikasten ari naizelako, eta horri buruz ikastea eta egunen batean horren inguruan lana egitea espero dudalako. Guzti horren batura da irakaslearen azalpenen aurrean interesdun azaltzearen arrazoia. Egunero ahulki berdinean esertzearen zergatia argi daukat, eta baita ere ahulki hori egunero niretzako gordeta dagoela uzteko eguna iritsi arte, hau da, Haur Hezkuntzako Titulua eskuratzen dudan eguna iritsi arte. Nire helburua Haur Hezkuntzako gela batean egotea da, ni neu irakaslea izanik eta gela osatuko duten haurrak ikasleak izanik, beraiek izango baitira nire ametsa eta lana egi bihurtzen lagunduko didatenak.


            1. HAUSNARKETA

Praktiketan hasi nintzenetik orain arte gauzak asko aldatu dira. Eskola honetara iritsi nintzenean niretzako dena oso berria zen, bai irakasleak, umeak, gelak, metodologia…Baino orain bai, orain eskolako beste bat bezala sentitzen naiz!

Orain, irakasteko erabiltzen duten metodologia, gelak, materialak….ezagutzen ditut;  Nekane pertsona eta irakasle bezala gehiago ezagutzen dut; ume bakoitzaren izena eta izaera ezagutzen dut (eta horretaz pozten naiz, izan ere, ezagutzeak taldean integratzen eta beraiekin konfiantza gehiago hartzen asko laguntzen dit); irakasle batek egoera desberdinetan nolako portaera izan behar duen badakit; etab.

Gauzak ikasiz aparte, orain arte ere modu desberdinetan sentitu izan naiz. Lehenengo egunetan urduritasuna sentitu nuela aipatu behar dut, baina urduritasunaz aparte, baita ere, poztasuna sentitzen nuen; poztasuna, dudarik gabe, eskolan hasi nintzen egunetik orain arte presente egon den sentimendua izan da! Honetaz aparte, hasieratik, umeen partetik eta baita irakasleen partetik oso onartuta sentitu izan naizela eta nirekin oso maitekorrak  azaldu direla esan behar dut. Beraz, hasieratik bizitako emozio eta sentimenduak oso positiboak izan dira, ezin hobetu daitezkeenak!

Orain arte aukeratutako eskolan egun gutxi igaro ditut, baina hala eta guztiz ere, naiz eta egun gutxi egon, orduak gehiago izan dira; denboralditxo honetan ikaragarri ikasi dut, eta espero dut bukatzerakoan askoz gehiago ikasi izatea eta orain gorputzean dudan sentsazioarekin bukatzea.


2.HAUSNARKETA

         Lehen hausnarketa egin nuenetik gaurko egunera arte, gauza gehiago ikasten jarraitu dut, hala nola, irteera bat egiten denean erabili beharreko metodologia; irakasle batek ikasleengan izan behar duen jarrera gertaera ezberdinen aurrean; badaezpadako gauzak kontutan hartzea (oso garrantzitsuak izan baitaitezke), adibidez, aldatzeko arropa gelan bertan izatea; edota ikasleei laguntza emateko modu egokiak lan edo ariketaren bat egiten kostatzen zaienean.

 Ostiral honetan esan nizuen bezala, Larraitzera egin genuen irteera bat. Bertara joateko jarraitu dituzten urratsak ezagutu izan ditut, baita joan aurretik eta joaterakoan dagoen lana ere; esaterako, gurasoentzako oharra prestatu, haurrei irteeraren berria nola eman, arauak nola azaldu, etab. Hau guztia ikusteak eta bizitzeak etorkizunerako oso erabilgarria izango zaidala uste dut, izan ere, ikasturtean zehar irteeratxoren bat beti egiten da eta.

Bestalde, irakasle batek gertaera ezberdinen aurrean ikasleengan izan behar duen jarrerari dagokionez, ezin dugu beldurrik izan ikasleekin gogorrak izateko noizean behin. Modu honetan, haurrek zer dagoen gaizki ikasten dute eta gero jarrera horiek poliki-poliki gutxitzen joaten dira; guretzako aldiz, hau da, irakasleentzat, baliotsua da umeek jarrera egokiagoa mantentzeko, honekin kalitatezko hezkuntza bat lortuko dugularik. Nire kasuan, asko kostatzen zait aiurri txarra adieraztea, pazientzia handikoa naizelako, baina konturatu naiz zein garrantzitsua den batzuetan jarrera hori izateaz.

  Lau urteko gelan nago eta jada esfinterraren kontrola menperatua duten arren, beste arrazoi batzuengatik zikintzen jarraitzen dira: lokatzarekin, tenperekin, errotulagailuekin…hori dela eta, irakasleek gauza txiki hauek kontutan hartzen dituzte eta gela bakoitzean arropaz beteriko kaxa bat dute, badaezpada. Horretaz gain, kontutan hartzen dute, haurrek askotan mukiak izaten dituztela, eta horregatik, gela bertan ere komunean izaten diren mukizapiak ditugu. Hala nola, irteerara eramandako botikina, aldatzeko arropa, etab.

  Bukatzeko, aste honetako egun batean, jolas librearen unean ume batek marrazki batek marrak besterik egiten ez zituen, orduan Nekanek hiru urteko gelan ez zegoela esanez marrazki bat egiteko eskatu zion. Ume honek marrazkiak egiten ez zekiela esan zidan, horregatik nik aholku batzuk eman nizkion , hala nola, parke bat, etxe bat, laguntxoren bat, bere ama, etab. marrazteko esanez. Etxetxo bat egin nahi zuela esan zidan, baina berak ez zekiela nola egin, horregatik nik orri txuri bat hartu eta etxe bat egin nuen bertan. Etxetxoa asko gustatu zitzaion eta marrazteko saiakera egin zuen. Azkenean, estrategia hau erabiliz, marrazki dotore bat egin zuen, eta bere buruarekin oso ongi sentitu zela nabaritu nuen. Guzti hau gertatu ondoren, Nekaneri nik egindakoa azaldu nion, eta berak horrela ikasten dutela erantzun zidan, ni zorionduz.

Hau ez da laguntza eman dudan kasu bakarra, egunero ariketak egiten dituztenean behatzaile eta laguntzaile bezala azaltzen bainaiz, marrazten, idazten, mozten… dutenean. Horregatik, Nekanek laguntza handia eskaintzen diodala goraipatzen dit beti.Beraz, laguntza eskaintzeko modu asko ikasi ditut orain arte.
           
 Esan behar dut, orain arte irakasle eta aurrekin dudan harremana bikaina dela!! Nekanerekin oso ongi moldatzen naiz bai pertsonalki eta baita profesionalki ere, beti laguntzeko prest azaltzen naiz eta jarduera guztietan parte hartzen dut. Haurrekin berriz, irakasle bat bezala azaltzen naiz, laguntzaile, behatzaile eta hezitzaile bezala; beraiek, berriz, ni horrela ikusten naute, baina esan behar dut gelako beste ikasle bat bezala ere ikusten nautela, izan ere, jardueretan parte hartzen dut, beraiekin jolasten dut, etab. Beraz, oso gustura nago tokatu zaidan gelarekin eta baita irakaslearekin ere.


3.HAUSNARKETA

Aste honetan, besteetan bezala, gauza asko ikasi ditut, etorkizunerako aberasgarriak eta erabiltzeko modukoak izango direnak.

Ikasi ditudan gauzen artean, gehienbat gustatu zaidana, Nekanek inprobisatzen duen modua da.Nekanek, aste honetan, haurrak ariketak bakarrik egin ahal izateko, bi alditan inprobisatu egin du, bietan antzerki moduko bat eginez.Lehengo ariketan, adibidez, antxumeak etxetik ezkutatuta azaltzen ziren, eta beraz, euren eginbeharrekoa elkarrekin ezkutatuta zeudenak zenbatzea zen, antxume kopuruen aldamenean zenbakia jarriz; Nekanek, umeak ariketa ulertzeko, liburuko adibidea jarraituz, bertan azaltzen ziren bezala ezkutatu zituelarik. Bigarren ariketan, labirinto bat azaltzen zenez, Nekanek gelan bertan eraikuntzak egiteko blokeekin labirinto bat inprobisatu zuen, horrela umeek benetan bizi izan zutelarik ondoren paperean egin behar zutena.

Bestalde, zenbait egoera berrien aurrean mugak jartzen jakitea beharrezkoa da ikasleek txanda mantentzen jakiteko eta ikastetxean dagoen materiala denok erabiltzeko dela jakiteko. Duela egun batzuk konturatu nintzen honetaz, irakasleek psikomotrizitate gelara telazko etxe bat ekarri zutenean; psikomotrizitateko orduan denek nahi baitzuten etxea estreinatu. Hau ikusi bezain laster, irakasleak etxean ibiltzeko arauak azaldu zizkien , eta horietariko bat, binaka jolastu behar zela zen.

Praktika-  aldia bukatzen ari gara, lau egun besterik ez zaizkigularik falta. Pena handia ematen dit hau pentsatzeak, jada haurrez beteriko ikasgela baten egoteari gustua hartu baitiot… umeekin eta irakaslearekin konfiantza handia baitut eta beren gelako parte sentitzen bainaiz. Aste hau ahal dudan gehien aprobetxatuko dut, gehiago ikasteko eta haurrekin nagoen denborari etekin handia ateratzeko!




4.-

GERTAERA ERABAKIGARRIA

Gertaera honetan Danel-i buruz hitz egingo dut, nahiz eta bere benetako izena hori ez izan, intimitatea errespetatzeko asmoz.

Danel lau urteko mutikoa da, inoiz geldirik ez dagoena, eta talde lanetan arreta mantendu behar denean gutxitan egiten duena. Beti du irribarre bat aurpegian eta beti ari da graziak egiten beste umeei (positiboak). Lehen aldiz ikusi nuenean haur lasai bat zirudien, borrokak gustatzen ez zaizkion horietakoa, baina orain ikusi dut askoetan eskua altxatzen diela bere ikaskideei.

Azken egun hauetan bere laguntxoei askotan joka ibiltzen dela ikusi dut, eta azkenean bera da beti negarrez amaitzen duena. Aste honetan, Nekanek goizago irten behar zuenez, patioaren orduan ni eta etxera joateko orduan ni bakarrik geratu nintzen. Patioan geundela, Danel gelako beste bat jotzen ikusi nuen, eta korrika beraiengana hurbildu nintzen. Danel-i zer gertatu zen galdetzen nion bitartean, aurpegian zaplazteko bat eman zidan, orduan errieta gehiago egin nion. Ondoren, izkina batean egin zuenaz pentsatzen ikusi nuen, bere arreba ondoan zuelarik. Gelara joan behar ginenean, hor jarraitzen zuela ikusita, bere bila joan nintzen, eta orduan bere arrebak ea zer egin zuen galdetu zidan eta erantzuna eman nion. Arrebari erantzun ondoren, pentsatu zuenaz nirekin hitz egiteko eskatu nion Danel-i eta besteei minik egin behar ez zaiela erantzun zidan, orduan gelara abiatu ginen.

Hurrengo egunean, Nekaneri gertakaria kontatu nion eta berarekin hitz egin zuen, berriro ere negarrez hasi zelarik. Beranduago, lezioa ikasi zuela zirudien arren, ordenagailuaren aurrean zeuden bitartean, beste ikaskide bati joka hasi zitzaion, eta berriro ere esku hartu behar izan nuen.

Ostiralean bertan ere beste ume bati joka hasi zen baloi bat zela medio, eta Nekanek bere ondoan esertzeko eskatu zion egin zuenaz pentsatzeko, eta beti bezala erantzun berdina eman zion, besteei ez zaiela minik eman behar hain zuzen ere. Ikusi dezakezuenez, ez da ez lehen aldia ezta bigarrena beste bati eskua altxatzen ikusi dudala, horregatik piztu du nire arreta eta beretaz hitz egin nahi izan dut gaur.

Eta noiz gertatzen zaizkio horrelakoak? Egun hauetan behatzen aritu naiz, eta ondorio hauetara iritsi naiz; batetik, zerbait ez lortzearen amorrua kanpora ateratzeko modu bat izan daiteke, eta bestetik, lau anai-arreba izanda, sarritan izaten den arazoagatik izan daiteke, jeloskor dago eta hori adierazteko modu bat izan daiteke. Agian bi arrazoien baturarengatik ere izan daiteke…

Kasu honetaz berri gehiago biltzen baldin badut, ziur egon zaitezte jakinaren gainean mantenduko zaituztedala!!



5.-

PINTTO, GURE GELAKO MASKOTA!


Kaixo lagunok! Ni Jakintza ikastetxeko lau urteko gelako maskota naiz. Ume guztiek txakurtxo deitzen didate, txakur baten itxurakoa naizelako!! Nire ustez, eta baita irakasleen ustez ere, lanak egiterako orduan laguntza handikoa naiz, izan ere, haurrak nirekin hitzak eta zenbakiak idazten ikasten baitute.

Ikusten duzuen bezala, marra horizontalak, bertikalak eta borobilduak (isatsean bezalakoak) ditut, baita diagonalak ere. Arrazoi batengatik naiz horrelakoa, zenbakiak eta hitzak ere horrelako formak dituztelako. Nire marrak beti umeen buruan marraztuta daude, baina dudan marra bakoitzak bere izena du.

Marra horizontalari “bizkar” deitzen diogu; bertikalei “hanka” ; diagonalari “mutur gora” edo “mutur behera”; eta, bukatzeko, isatsaren forma “tripa txiki” edo “tripa handi” izendatzen dugu.

Adibidez, nire izena idazteko “txakurra” , irakasleak pauso hauek jarraitzen ditu:

1.      T: lehenengo hanka, gero bizkar.
2.      X: mutur behera, mutur gora.
3.      A: mutur gora, mutur behera, bizkar.
4.      K: hanka, hankaren erditik hasita mutur gora eta toki berdinetik hasita mutur behera.
5.      U: tripa handi beheraka
6.      R: hanka, tripa txiki hankaren erdiraino, hankaren erditik hasita mutur behera.
7.      R: hanka, tripa txiki hankaren erdiraino, hankaren erditik hasita mutur behera.
8.      A: mutur gora, mutur behera, bizkar.


Jada denok ezagutzen nauzue, eta etorkizunerako metodologia hau erabili dezakezue!! Espero dut zuen gustukoa eta baliotsua izatea!!!



6.-

HAUR ESKOLA PRAKTIKAREN AZTERKETA INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIOZKO ARLOAN



·        Hainbat galdera:


  1. Nola lantzen dira informazio eta komunikaziozko teknologiak?
Gure gelan, ordenagailu bakarra daukagu haur guztiak bertan jolasean ibiltzeko. Ordenagailua, jolas libreko orduan erabiltzen da, hau da, eguneroko lehenengo orduan. Jolas libreko unea dela kontuan hartuz, ordenagailuan azaltzen diren gaiarekin lotutako jolasetan ere ibiltzen dira.

      Ikastetxean ordenagailuz beteriko gela bat ere badago, eskolako haur guztiek erabiltzen dituztenak. Gela honetara (beti ordu berdinean) lau urteko gelak joaten gara, bertan hiru ordu laurden igarotzeko.

      Ikasleek, klasean azaldutakoaren osagarri modura, landutako guztia ordenagailuaren pantailan ikusi eta entzuten dute. Bertan, marrazkiak, puzzleak, ipuinak,… lantzen dituzte haurrak.



  1. Ze nolako materiala erabiltzen dute?
Materialaren aldetik, Hardware eta Softwarea erabiltzen dutela esan behar dut.

Alde batetik, Hardwarearen barnean, ordenagailua soilik erabiltzen dute, bestelako aparailuak irakasleek bakarrik erabiltzen dituztelako; esate baterako, bideo- kamara, argazki- kamara, arbela digitala, etab.  Gure haurrak lau urte izanik, oso txikiak dira oraindik gauza horiek manipulatzeko, horregatik irakasleek soilik erabiltzen dituzte.

Bestalde, umeek Softwareak manipulatzen dituzte; adibidez, programak, jolasak, ipuin digitalak, bideoak… material hauek erabiltzeko gai direla uste baitute irakasleek. Ikusten duzuen bezala, gauza hauek lehenago erabiltzen hasten dira Hardwareak baino, bigarren hauek aurrerago ikasiko dituztelarik.



  1. Interneta erabiltzen da? Zertarako?
Interneta irakasleek bakarrik erabiltzen dute, gaiarekin lotuta dagoen informazioa, baliagarriak izango diren irudiak, etab. aurkitzeko. Beraiek ez dute interneta zuzenean erabiltzen, baina bai zeharka. Irakasleak aurkitu duen informazioa kainoiaren bidez erakutsi dezakete, ordenagailu gelan haur guztiak elkartuz eta gaiarekin loturik dagoen informazio hori ikusiz. Beraz, ikusten duzuen bezala, bai irakasleak eta baita haurrek ere interneta erabiltzen dute modu batera edo bestera.


  1. Parte hartzen dute ikt-eko proiektueren batean? Zein da eta zertan datza?
Irakasleari galdera hau egin nioenean, ez zutela IKT-ko proiektu batean parte hartzen erantzun zidan. Beraz, ezin dut galdera honetan sakondu.


  1. Nola lotzen da metodologia IKT-arekin?
Urtxintxa proiektuak berak eskaintzen ditu gaiarekin lotuta doazen programa ezberdinak, ordenagailuan erabiltzeko pentsatuak daudenak. Honetan esan behar dut, programetan azaltzen diren egitekoak eta azaltzen diren hitz guztiak gelan emandako hiztegian landutakoak direla.

“Argitxok” ere badu bere programa. “Argitxo” euskararen hizkuntza bultzatzen duen sinboloa da, eta beraz euskara bultzatzeko erabiltzen da. Programa hau ere haurrentzako oso aberasgarria izaten delarik.
Aipatu behar dut, haurrak bertan azaltzen diren pertsonaiekin arduratsu aritzen direla jolasean, irudi eta soinu erakargarri asko ditu eta.



  1. Zerbait berezia egiten da sormena lantzeko teknologiarekin? Zer? Nola? 
EZ, programetan etortzen diren jolas edo egiteko guztietan ez da sormena bultzatzen, bertan etortzen diren gauza asko gelan aurretik landuta dituztelako; Hau da, bertan etortzen diren gauzak ikasleak ezagutzen dutenari egokituta daude.


  1. Zertarako erabiltzen da bideoa? Eta nola?
Bideoa, ikusi eta ondo pasatzeko asmoz gain, beste hainbat gauzetarako ere erabiltzen da.Irakasleari galdera hau egitean, bere erantzuna hau izan zen, batik bat, hizkuntza indartzeko eta aho hizkuntza lantzeko erabiltzen dituztela.. Olerkiak, esamoldeak, aho- korapiloak, etab. dira, adibidez, aho hizkuntza lantzeko erabilienak.


  1. Proiektu tematiko batean parte hartzen al dute?
Nekaneri galdera hau egindakoan ezetz erantzun zidan, hori dela eta, galdera honetan ezin dut sakondu ezta ere…


  1. Zerbait egiten da kritikotasunaren alderdia teknologiaren aurrean?
Ez, honetan ere ez da ezer egiten.


  1. Zer nolako galderak planteatzen diote gurasoek zure gelako irakasleari IKT-ari buruz?
Gai honi buruz, gurasoek, nire gelako irakasleari,  ez diote inoiz  galderarik egin bere irakasletzako urteetan zehar.Beste gai batzuei buruz bai planteatu dizkietela, baina IKT- ari buruz ez.


  1. Aholkuak eskatzen diote?Zertaz?
Nire irakaslearen esanetan, ez diote inoiz gai honi buruz aholkurik eskatu, Lehen Hezkuntzan aholkuak eskatzea arruntagoa da Haur Hezkuntzan baino.Izan ere, orain ordenagailuekin egiten dituzten gauzak oso sinpleak dira eta (sagua maneiatuz gain, ez dute ezer handirik egiten), aurrerago, sinpletik zailtasun handiagoko gauzetara igarotzean, aholkuak eskatzea nabariagoa izango da.


  1. Nola egin du gelako irakasleak bere prestakuntza IKT.ko arloan? Bere kabuz? Ikastaro batean? Eskolan?  
Ikastetxeko hainbat irakasle arlo honetan formatu egin ziren ikastaro batean, eta aurrerago, ikasitako guztia gainontzeko irakasleei erakutsi zieten.Gero, ikastetxeko IKT- ko arduradunak, beste irakasleen laguntzarekin, gaur egungo ordenagailu gela sortu zuten, eta ondoren, ordenagailua erabiltzeko landu behar zuten programetaz hitz egin eta adostu zuten.Nire irakaslea, prozesu honen bukaeran  egon zen, hau da, bere formazioa eskola bertan egin zuelarik.

Adostutako programak hauek izan ziren, hiru urteko haurrak Ttantto- ren programa erabiltzen dute; lau urteko haurrak, Txirritx-en programa eta bost urtekoek, aldiz, Xango- ren programa.Izen hauek fikziozko pertsonaiei dagozkie. Niri lau urteko gelan egotea egokitu zaidanez, Txirritx- en programa erabiltzen dugu, honen barruan hainbat gai jorratzen direlarik; hala nola, matematika, marrazketa, idazketa, ipuinak, memoria jokoak eta puzzleak egin dezakete, modu desberdinetan.




7)

B.-MARRAZKI BAT: NI JAKINTZA IKASTETXEAN




MARRAZKIAREN AZALPENA :

            Marrazki honetan, ikusten duzuen bezala, bi irudi desberdin daude; ezkerraldeko irudian, ni mutil bati laguntzen azaltzen naiz; eta eskuineko irudian, aldiz, ni haurrez inguratuta nago. Bi marrazki egin ditut, bakarra egingo banu bestea egiteko gogoarekin geratuko nintzelako, eta zuek nire egoera ezagutzeko biak orri txuri batean plasmatzea interesgarria iruditu zait.

            Ezkerraldeko irudian, goran aipatu bezala, ni haur bati laguntzen azaltzen naiz. Laguntza eskaintzea, egunero egiten dudan gauzetariko bat da, Nekaneri, hau da, irakasleari eta baita haurrei ere ematen diedana izanez. Ez dut ikasleek niri laguntza eskatzerik behar, nire barruti irteten den gauza bat delako eta beti nagoelako laguntza emateko prest. Gainera, haurrek laguntza eskatzen didatenean konfiantza osoz egiten dutela ikusten dut, izan ere, gaizki egin dutela ikusten dudanean, ondo egitera bultzatzen ditut niri egokien iruditzen zaidan moduan, baina beti motibatzen saiatuz, behera etor ez daitezen.
           
Gai honi buruz hitz egiten ari garenaren aukera aprobetxatuz, aipatu behar dut, irakasleak egunero berarentzako laguntza handikoa naizela esaten didala, beti esaldi berdina errepikatuz “ ez da berdina gelan lau esku izatea bi esku izatearen ordez!”, eta, honek, nire ilusioa pizten du eta laguntza ematen jarraitzeko motibazioa ematen dit!.

Laguntzaren gaiarekin bukatzeko, honek duen garrantziaz hitz egitea ezinbestekoa iruditzen zait. Laguntzarekin ariketak eginez gehiago ikasten dela iruditzen zait, ez garelako jakituria oso batekin jaiotzen, jakituriak garapen eta denbora bat behar du, eta prozesu horretan aurkitzen dira haurrak. Ikasleek euren kabuz laguntza eskatzeko konfiantza behar dutela argi dago, eta pauso hau emateko gugan konfiantza izatea beharrezkoa da.

Orain arte hitz egin dizuedan gaia alde batera utziz, eskuineko irudiak transmititu nahi dizuenari buruz sakonduko dut. Aurretik aipatu bezala, umeez inguraturik marraztu naiz, hain zuzen ere, eskolara mantalik gabe joaten naizen unetik, handik atera arte, horrela egoten eta sentitzen naizelako. Oso gustukoa dut sentsazio hau, jendeak egoera honek asko nekatzen duela eta umeak uneoro gainean izatea ona ez dela esaten duen arren, bizipen hau ez nuke beste ezergatik aldatuko, sekulako poztasuna ematen baitizute eta, gainera, ikasle bezala ezagutuz gain, pertsona bezala nolakoak diren ere ikusten duzu.

Nire ustez, irakasle baten egin beharrekoak asko dira, baina oso garrantzitsua den aspektuak segurtasuna eta gertutasuna adieraztea dira. Bi aspektu hauek, haurrek jokaera batzuen bitartez jasotzen dituzte; esate baterako, esaten dutenari, egiten dutenari, beren aurpegiek adierazten digutenari, etab. jaramon eginez. Horrela, ikasleek beren buruari garrantzia ematen diogula ikusten badute, guregan konfiantza gehiago izango dute, baita beren buruengan ere, auto-kontzeptua indartuz.

Aipatutako bi egoera hauek, tokatu zaidan gelara sartu nintzen egunetik nabaritu nituen; honekin esan nahi dudana, Nekanek une oro ikasleei adierazten dizkienak direla da, eta niri, han sartu nintzenetik ere adierazi dizkit, eta honi esker, egoera ezberdinetan, oso gustura sentiarazi nau!

Marrazkian transmititzen ditudan baloreak ematen jarraitzeko lau egun besterik ez zaizkit falta…eta hori jakinda, egunetik egunera tristeago jaikitzen naiz ohetik. Baina hala ere, aste honetan orain arte emandako guztia adieraziko dut eta egun guztiak azkenekoak izango balira bezala disfrutatuko ditut!!!!!!

           



No hay comentarios:

Publicar un comentario