Gelara iristean, ume guztiak alde batetik bestera ibiltzen ikusi ditut, eta, honek, nire jakinmina piztu du. Jakin izan dut, egunero, gelara iritsi bezain laster, lehenengo ordu osoa libreki ibiltzen direla. Gelako ordenagailuan, mahaietan margotzen edota liburuak irakurtzen egoteko aukera dute. Gaur beste aukera bat izan dute egiteko, irakaslearen laguntzarekin fruitu lehorrak txikitzekoa. Konturatu naiz ia haur guztiak leku guztietatik pasatu direla.
Honekin batera, nire ustez, eguna hasteko modu egokia da. Modu honetan, nahiz eta gidari bat ez izan, ikasteko beste modu bat da eta autonomia pertsonala lantzen da.
Hamarretan, erabili duten material guztia jaso dute, bere lekuan utziz. Ondoren, haur bakoitza bere lekuan eseri da (lurrean). Gaur, asteko lehen eguna denez, astelehena, gelako arduraduna aldatu da, Nahiari egokitu zaio lan hau. Nahiak, talde bakoitzeko arduraduna zein den esan du. Ondoren, gaurko eguna egutegian borobildu egin du eta irakasleak arbelean idatzi du gauza bera. Hau egin ondoren, gelara etorri diren laguntxoak zenbatu ditu, orduan hiru falta direla ohartu da eta hiru hauen izenak azaltzen diren txartelak hartu ditu etxetxoaren irudian itsatsiz.
Arduradunarekin amaitu ostean, Nekanek (andereñoak) haurrek astebukaeran lortutako fruitu lehor guztiak ekarri ditu eta horrekin batera bakoitzaren izena esan du, baita fruitu lehor horiek jaiotzen diren zuhaitzen izenak ere. Segidan, lehendik txikitutako fruitu lehorrak hartu ditu eta haurrei banatu dizkie jateko.
Zuhaiz hostoen sailkapena egiten.
Ipuinaren unea ere izan dugu. Neskatxo batek etxetik Bob Esponjaren liburua ekarri du, eta irakasleak etekina ateratzeko liburua irakurri du. Haurrak oso adi egon dira une oro, eta batzuk, liburua aurretik ezagutzen zutelako gertatuko zena azaldu dute. Atsedenaldiaren unea iritsi denez, ipuinaren narrazioari amaiera eman beharrean ikusi da irakaslea.
Nekanek ipuinarekin egin duena oso egokia iruditzen zait, izan ere, haurrek asko gustatzen zaizkien gauzak etxetik ekartzen dituztenean, horren garrantzia erakusten du bere eskuan dagoena eginez.
Atsedenaldian haur asko ezagutu ditut nire gelakoen adin berekoak. Eta ikastetxeko hainbat irakasleekin ere hitz egin dut nire burua ezagutzera emanez.
Atsedenaldiaren ondoren, ingelerako gelara abiatu dira, eta irakasleak bertan geratu nahi dudan galdetu dit eta baietz erantzun diot. Haurrak oso ondo pasatu dute koloreak ikasten, irakasleak esaten zuena errepikatzen eta ondorengo abesti tradizionala abesten:
Red and Yellow,
Blue and Green, Blue and Green, Blue and Green
Red and Yellow,
Blue and Green, Black and White and Brown.
Orange, Purple,
Pink and Grey,Pink and Grey, Pink and Grey,
Orange, Purple, Pink and Grey,
Black and White and Brown!!!
Arratsaldean, gelako ume baten urtebetetzea denez, lau urteko haur guztien artean ospatu dugu. Horretarako, bideo gelara abiatu gara "Hartz Txikia"-ren filma ikustera. Filma oso luzea denez, beste erdia beste egun baterako utzi dugu eta, orduan, haur bakoitzari txokolatezko ogitarteko bana eman zaie Manex-en urteak ospatzeko (bere amak ekarri ditu txokolate eta ogiak).
Eguna bukatzeko, ikastetxean dagoen patiora jetsi gara jolasteko eta ogitartekoa jateko.
Gauza asko ikasi ditut gaur, baina horiek poliki poliki jakinaraziko dizkizuet.
Hau izan da nire lehenengo egunean bizitako esperientzia multzoa!!
No hay comentarios:
Publicar un comentario