Vistas de página en total

lunes, 31 de octubre de 2011

OROITZAPENEN ETA IRAKASLE IZAN NAHI IZATEAREN ARRAZOIEN BILA


2. OROITZAPENEN ETA IRAKASLE IZAN NAHI IZATEAREN ARRAZOIEN BILA




A) NIRE ESKOLATZEKO UNE GOZO ETA TXAR BANAREN DESKRIBAPENA.


            Hurrengo lerroetan, iraganera itzultzen saiatuko naiz, hau da, nire eskolatze garaiko gertaera onak eta txarrak gogoratzen saiatuko naiz. Garai hartako hainbat gauza gogoratu ditut, eta ondoren idatziko ditudanak garrantzitsuenak dira niretzako.

            Hasteko, nire oroitzapen txarrez hitz egingo dut. Eskolatzean gertatutakoa da gertaera hau, eta berandu arte ez zuen amaierarik izan. Oroitzapen honen protagonistak ni neu eta nire lehengusua gara.

 Nire lehengusuak txikitatik ezintasun psikiko bat du eta ni beti izan naiz bere ondoan laguntzeko prest eta une oro maitasuna emanez. Esan behar dut, haur hezkuntzatik ikasgela berean egon garela, eta garai hartan, ezintasunak zituzten umeak B ereduan sartzen ziren, hau da, nik neuk ikasi nuen ereduan zeuden; egoera ezberdinak aurkitzen ziren, gurpildun aulkian zegoen neskatxa bat zegoen, beste batzuek hitz egiterako orduan zailtasunak zituzten, beste batek Down sindromea zuen, etab. Hori dela eta, beti elkarrekin egon gara, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren urtera arte.

Nire lehengusua oso mugitua eta hizlaria  zenez, pazientzia asko izan behar zen berarekin, eta edozer gauzarekin segituan aztoratzen zen. Ikaskide guztiak hori jakinda, berari adarra jotzen zioten, eta berehala nire bila etortzen zen. Horiek ziren eskolan pasa ditudan unerik gogorrenak, nire lehengusua negarrez nire bila etortzen zen momentuan eta nola adarra jotzen zioten ikustean. Kasu horietan, beti defendatzen nuen, eta askotan, beste ikaskideekin haserreturik bukatzen nuen; nik ere askotan negarrez bukatzen nuen momentuko tentsioaren ondorioz, eta orainaldian oroitzapen horien gainean gogoeta eginda, ez naiz ezertaz damutzen, nire bihotzak esandakoa egin bainuen.

Guzti hau bizi ondoren, eta denbora guzti horretan pertsona horiekin bizi ondoren, hau da ikasi dudana: pertsona guztiek merezi dugun errespetua berdina dela kasu guztietan; laguntza gehiago behar dutenez, prest egon behar dugula hori emateko; guk uste dugun baina maitasun handiagoa behar dutela; gure arreta beharrezkoa dutela, hau da, beste edozein pertsonak bezala entzute aktibo bat behar dutela; onerako eta txarrerako bere ondoan egotea ezinbestekoa dela; etab.

Gaur egun ere, nire lehengusuarekin egoten naizen bakoitzean, portaera berdina izaten jarraitzen dut, bera pozik egotea eta izatea da nik lortu nahi dudana. Nire gelan egon diren beste ezinduekin ere harremana izaten jarraitzen dut, izan ere, kalean edo edozein lekutan ikusita ere, beti geratzen naiz eurekin hitz egiteko.

Pertsona hauekin bizitako guztiaren ondorioz betidanik irakaslea izan nahi nuela jakin dut, heziketa bereziko irakaslea. Gaur egun, haur hezkuntza egiten ari naiz, izan ere, ezintasuna duten haurrekin lana egiteko aukera ere ematen baitit.

Ez nuen inoiz pentsatu gai honi buruz sekula hitz egingo nuenik, eta are gutxiago hemen idatziko nuenik, baina azken finean hau nire iragana izan zen, eta nire istorioaren zati bat da.

Oroitzapen txarrak alde batera utziz, ona azaltzera pasatuko naiz. Burura datorkidan oroitzapen hoberena, edozein eskulanen aurrean nengoen unea da. Bertan, orduak minutuak balira bezala igarotzen ziren, eta nire irudimena hain handia zen edozer gauza egiteko gai nintzela, irakaslea ere harrituta uzten nuelarik.

Plastikako txokoan esertzen nintzen bakoitzean ikastetxeko umerik zoriontsuena nintzen, ez zitzaidan axola marrazki bat egin behar bazen edota plastilinarekin irudiren bat egin behar bazen ere, ezta ariketa gidatu bat egitea ere. Egiten nituen marrazkietatik gogoan ditudanak hauexek dira: antzarrak ( beti ere beren lazotxoa buruan zutela), lore ezberdinez beteriko ontziak, etxetxoak ( teilatuaren azpian leiho borobil bat zutenak) eta hondartza ( arrainez beteta).

Askotan nire marrazkietan nire sentimenduak eta bizitzako egoerak islatzen nituen, oraindik gordeta ditudan marrazki batzuetan, garai hartan hauek egiteko erabilitako koloreengatik eta marraztutakoarengatik esaten dut hau. Eta oraindik gogoratzen dut marrazkiekin egiten genuena, batzuetan irakasleari oparitzen genizkion, eta beste batzuetan, gure artean oparitzen genituen, bakoitzak zuen marrazkietako karpetan gordetzeko edo etxean zintzilikaturik ipintzeko.

Eskulanen orduan, nire gelakideak niregana laguntza eske etortzen ziren, eta nik, gustu handiarekin, nire laguntza eskaintzen nien. Bestalde, nire eskulanekin oso zorrotza nintzen, beti egindako guztia ezin hobeto egiten saiatzen bainintzen.

Behin, irakasleak nire gurasoei plastikako irakasle izateko balio nuela esan zien, eta esandako hori kontutan hartu dut, haur hezkuntza ikasten ari naiz eta marrazkiak egitea eta eskulanetan trebea izatea oso garrantzitsuak diren aspektuak dira.

Txiki – txikitatik hasi zen nire denbora-pasa gogokoenetako bat izaten eta gaur egun ere nire denbora librean marrazten eta eskulan batzuk egiten jarraitzen dut (nahiz eta denbora asko ez izan). Nire azken eskulanak kaxa batzuen apainketak izan dira (argazkiekin, lazoekin, egunkarietako orrialdeekin, etab.); nire azken marrazkiak, aldiz, modelo batzuenak izan dira (arropa diseinatzea asko gustatzen zaidan gauzetariko bat da eta).

Bukatzeko, esan behar dut asko gustatu zaidala eskolatze aldian gertatutako oroitzapen on eta txarrez hitz egitea, sentimendu eta emozio asko ekarri dizkit eta. Gauza batzuk irribarre bat marraztu dute nire aurpegian, eta idazteari utzi diot momentu haietara berritzultzeko…

Beraz, asko gustatu zait ariketa hau egitea, haur hezkuntzako irakasle izango garenean gure ikasleek gu bezala oroitzapen onak eta txarrak izango baitituzte, eta gu geu izan gaitezke oroitzapen horien eragile nagusienetariko batzuk. Beraz, saia gaitezen hezkuntza on bat ematen, baina baita, horrez gain, betirako gordeko dituzten momentu dibertigarri, goxo eta ahaztezinak ematen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario