Gaur goizean, egunero bezala, haurrak lehenengo orduan libreki aritu dira jolasean. Batzuk marrazten aritu dira, beste batzuk ordenagailuan, eta baita eskuragarri dauden jolasekin jolasten. Nekane mahai batean eseri da puzzle batekin, bere inguruan zeuden umeak berarekin puzzlea egiten aritu dira. Ni, berriz, leku guztietatik pasatu naiz, baina denbora gehiago igaro dudan lekua marrazketakoa izan da, haurrek beren marrazkiak bukatzerakoan erakutsi egin dizkidate, zer egin duten esanez, nik, berriz, gustu handiarekin entzun diet. Harrigarria da haurrek duten irudimena; paper batean margotzen dutena istorio bat izan daiteke! Adibidez, horrela izan da neska batek egin duen kolore askotako marrazkia. Maitane du izena eta egiten dituen marrazkiak beti istorio luzeak dira. Marrazkian, mutil bat bere logelan lo egin ezinik dago, bere ama, aldiz, aldameneko logelan dago; ez du nahi bere ama bere logelara sartzea, bertan zomorroa dago eta sartzen baldin bada mina egingo dio. Bere aita logelara muxu bat ematera sartzen da eta zomorroa lurrean dagoela ikusiz, lurretik hartzen du eta apal batean uzten du. Zomorroa panpina bat baino ez da! Eta Gorka, hori ikustean, lasai-lasai lo geratu da.
Lehen ordua pasa eta gero, denok lurrean eseri gara, irakaslearen parean. Miren Nekaneren ondoan jarri da gaurko data esateko eta egutegian borobiltzeko. Mirenek denbora – espazioaren kontzeptua ez du oraindik oso ondo barneratuta, horregatik Nekanek, hori jakinda, asko laguntzen dio eta motibatzen du behera ez etortzeko. Azkenean, laguntza txiki batekin oso ondo esan du gaurko eguna zein den, eta irakasleak Miren esandakoa arbelean idatzi du guztien laguntzarekin: “Asteazkena, 26a”.
Ondoren, gelara etorri diren haurrak zenbatu ditu eta bat falta zela konturatzerakoan etxeko irudian ipini du etorri ez denaren izena.
Arduradunarekin bukatzerakoan, psikomotrizitate gelara joan gara, baina aurretik, bertan egin dezaketena eta egin ez dezaketena ozen esan dute. Gela horretara sartzerakoan, haurrek oinetakoak kendu dituzte leku finko batean utziz.
Segidan, lurrean borobil bat eginez eseri dira eta irakasleak esandakoa arretaz entzun dute. Aurretik landua zuten abesti bat dantzatu behar dute, mutilak nesken parean jarrita. Orduan, ume guztiak lurretik altxatu dira eta bi ilara egin dituzte, mutilak alde batean, eta neskak bestean. Abestiaren zati bat neskek mutilei abestu diete, gero, abestiaren beste zatia, mutilak neskei abestuz.
Abestia bukatzerakoan, bikoteka jarriz dantzan hasi dira.
Aipatutako abestia hau izan da:
- Anttoni; Anttoni!!
Zure atean nago ni.
- Ai Antton, ai Antton!!
Ate onduan, hor konpon!!!
Eguneroko lanak egiteko, irakasleak Urtxintxa programa erabiltzen du. Orain erabiltzen ari diren liburuxka ariketak egiteko “Hostoak Firin - Faran” da. Gaur egindako ariketa liburuxka horretatik atera du eta hau izan da:
Lehenik arbelean udazkeneko fruituak idatzi ditugu, ume bakoitzak horietako bi aukeratu behar dituelarik ostiralean egingo dugun merendolara ekartzeko.
· Platanoa
· Sagarra
· Pikua
· Mahatsak
· Udarea
· Kiwia
· Laranja
· Mandarina
Fruituak aukeratu ondoren, ondorengo fitxa bete behar izan dute gure laguntzarekin:
Erosketen zerrenda:
Ikastolan merienda egiteko, _______________ (e)k,
Familiakoen laguntzarekin, fruitu hauek erosi behar ditu, eta gelara ekarri:
- ________________
- ________________
|
Orokorrean denei lagundu diedan arren, idazten kostatzen zaienei lagundu diet, eta gehienbat Mikeli, idazte prozesuan oso atzeratuta baitoa. Esan behar dut haur batzuei zerrendan jartzen duena gaztelaniaz berridatzi diedala, izan ere, guraso guztiak euskara ez baitakite.
Horrekin bukatu dugu eguna, eta bihar lehen orduan irakasle lanak bete behar ditudanez, irrikan nago noiz iritsiko!
No hay comentarios:
Publicar un comentario