Orain dela gutxi etorri naiz Larraitzetik!!eta hemen nauzue, egunero bezala, eguneroko abenturak zuei kontatzen!lehenengo ordutik egin dugunaz hitz egingo dut hurrengo lerroetan.
9:00etan, gelan bildu gara denok, irakaslearen aurrean borobil bat osatuz. Lehenik arduradunaren lanak egin ditugu, eta ondoren, Nekanek gaurko bidaiko arauak azaldu ditu. Beharrezkoa den guztia hartu du, hau da, mukizapiak, gailetak eta aldatzeko arropa (bada ezpada). Umeak komunera joan dira pixa egin eta ura edateko, eta ondoren, binaka jarri dira autobusera joateko prest!
Autobusera sartu arretik bidaia egin behar genuen gela guztietako ikasle eta irakasleak patioan elkartu gara, bertan autobusaren barruan izan behar genuen antolakuntza, Larraitzera iristean izan behar genuen kokalekua, etab. adostu ditugu, hau da, irakasle bakoitzak bere arduran hartu behar zituen haurrak…
Errepidean gora gindoazela, denek segurtasun uhala jarri ondoren, ikasleak oso urduri zeuden eta abestuz joan gara ibilbide osoan zehar. Gainera, ardi asko, pinuri asko eta baserri ugari ikusi ditugu leihoetatik.
Behin autobusetik jaitsitakoan, izugarrizko haize zakarra zegoen arren, oinez hasi gara bide batetik. Bidean zehar bertako animaliei buruzko argazkiak eta informazioa zegoen, eta umeen jakin-mina izugarri piztu dute horma-irudi hauek. Ibilbidean zehar, zuhaitz asko ikusi ditugu eta ikertzen aritu gara, umeek eskolan ikasitakoa praktikan jartzen.
Aurrera gindoazen heinean, deskantsatzeko eremu bat ikusi dugu, eta bertan gelditu gara bizkotxoak jateko. Hamabost minutu igaro ondoren, bueltako bideari ekin diogu, berriro toki berdinetik pasaz. Orduan, traktore bat ikusi dugu eta denok adi egon gara zer egiten zuena ikusteko. Bi belar fardel nola hartu dituen ikusi dugu, eta bata nola aldentzen zen ere. Pixka bat aurrerago, parke batekin aurkitu gara eta umeak jolasean egon dira denbora batez, bitartean Nekane pixagura zutenekin komunera joan delarik, eta ni, jolasten ari zirenekin geratu naizenez, argazki batzuk ateratzeko aprobetxatu dut. Bidetik ez dugunez inurritegirik ikusi, ikasleak beren imajinazioa erabiliz, lokatzean inurritegiak egin dituzte; beste batzuk zezenetara jolasten aritu dira, etab.
Inurritegia egiten
Parkean jolasten
Ura edateko ordua iritsi denean, haur bat bide erditik korrikan hasi da eta, zorte txarrarekin, estropuz egin eta lurrera erori da, lokatzez beterik geratu zaiolarik arropa guztia. Eskerrak Nekanek aldatzeko arropa hartu duen ikasgelatik irten baino lehen! Aipatu behar dut, parkean jolasean geunden bitartean, ikasle baten amona eta Nekaneren, irakaslearen, aita azaldu direla! Inolaz ere espero ez genezakeena! Ordu erdi bat igaro eta gero, umeak binaka jarri dira autobusera joateko. Bueltan ere oso ondo pasatu dugu elkarrekin abesten eta hitz egiten!
Eskolara iritsi garenean Nekane jangelakoekin igo da, ni berriz, etxera joaten direnekin geratu naiz, gurasoak bila etortzeko zain.
Arratsaldean eskolara bueltatu gara eta han ibili dira haurrak jolas librean, batzuk puzzleak egiten, beste batzuk margotzen, etab.Ordua pasatu eta gero, goizean egindako argazkiak elkarrekin ikusi eta komentatu ditugu, haurrei bertan ikustea ilusio handia egin die!! Honekin bukatzerakoan, Nekanek gaur San Martin eguna dela esan die, eta egun honetan baserriko jendeak gero neguan jateko edukitzeko txerriak hiltzen dituztela azaldu die, ondoren gai honekin zerikusia duen abestia jarriz.
Eguna, edo hobeto esanda, arratsaldea bukatzeko, abesti berri bat abestu eta ikasi dugu!abestian, etxean egoterakoan kaletik entzuten ditugun soinuei buruz doa; horregatik, haurrak betiko taldeak mantenduz jarri ditugu, batzuk katuaren soinua egin behar zutela, beste batzuk, txakurrarena, eta beste bi taldeak, berriz, danborraren soinua eta kanpaiarena.Abestia entzuten genuen bitartean, soinuak egin behar zituzten, talde bakoitzak tokatzen zitzaionean. Nahiko goiz hasi gara abesti hau ikasten, izan ere, aurrerago ikasteko zen, baina horrela ia landuta eta ikasita daukate!Egia esan, lehenengo eguna izateko oso ondo atera zaie!!!
Eguna, ikusi duzuen bezala, nahiko mugitua izan da, eta denetarik egin dugu!Haurrek oso ondo pasatu dute eta arratsaldeko azken ordurako ez zeuden oraindik ezta nekatuta ere!Orokorrean oso ondo portatu dira eta denbora guztian irakasleak esan bezala, eskutik helduta bikoteka joan dira.Irakasleei laguntzeko ahal dudan guztia egin dut, bizkotxoak banatzen lagundu diet, autobusean gerrikoak jartzen laguntzen aritu naiz, nengoen taldeak besteen erritmoa eramaten lagundu diet, etab.
Nire ustez, akats bakarra haize asko egon dela da, baina horrelako eguraldia egitea ere espero genuen, udazkenean gaude eta gainera mendi batera joan gara…Baino dena ondo atera da eta pozik bukatu dugu ostiraleko eguna.
No hay comentarios:
Publicar un comentario