Vistas de página en total

jueves, 10 de noviembre de 2011

11.eguna

Goiz guztietan, gelara igo baino lehen, irakasle gelatik pasatzen gara, bertan  mantala janzteko eta gauzak uzteko. Gaur, gela horretara sartzerakoan, mahaia jostailuz beteta ikusi dugu! Atzo nire irakaslea eta beste irakasle batek gauzak erostera joan omen ziren, jostailuak berritzeko asmoz. Jostailu guztiak banatu ondoren, gure gelara poltsa handi bat eraman dugu eta hantxe ibili dira umeak gauza berri batzuekin jolasten.

Horretaz aparte, atzo haurrei ohar bat etxera eramateko eman zitzaiela ahaztu zitzaidan esatea. Ohar horretan, bihar (ostirala) Larraitzera goazela jartzen du, eta horretarako gaurko 2€ ekarri behar dituztela. Hori izan da nire lehen eginbeharrekoa goizeko lehen orduan, momentu horretan Nekane gure gelako haur batekin zegoen eta, ume horrek botaka egin baitu….Ia haur guztiak goizean dirua ekarri dute eta ni zerrenda batean apuntatzen egon naiz. Esan behar dut oso ondo moldatu naizela ni bakarrik!

Beste gauza batzuk egin ditugu ere, oso interesgarriak gainera! Margoei punta ateratzen egon gara eta gero, eskolatik atera gara gelako zaborra eta irakasle gelako zaborra zabor-ontzira botatzera! Zaborra birziklatzeko asmoz, behar den ontzira bota dugu. Nahiz eta helduei zaborra botatzea gauza normal bat iruditu, konturatu naiz umeei horrelako gauzak egitea asko gustatzen zaiela, beraiei ilusio asko egiten die!

Atzo esan nizuen bezala,  gai berri batekin hasi ginen eta beraz, ipuin berri batekin ere. Ipuinaren izenburua “Otsoa eta 7 antxumeak “ da. Gaur egin duguna zazpi antxumeei izena jartzea da, horretarako, haurrak beren lekuetan eseri dira eta taldeetan izenak pentsatzen aritu dira. Azkenean honako izen hauek jarri dizkiegu:

1.Beri
2.Rex
3.Antton
4.Anttoni.
5.Ekis.
6.Lur.
7.Txikitxo

Esan, izenak adinaren arabera jarri dituztela, zehazki zaharrenetik gazteenera.


Arratsaldean, ariketatxo bat egin dugu, non hiru antxume moztu eta beste orri batean gainontzeko antxumeekin erantsi behar zituzten. Ariketa hau oso erraz egin dute denok, gehien kostatu zaionari neskatxa bati izan da, izan ere, gelako ezkerti bakarra da, eta besteei baino gehiago kostatzen zaio moztea, baina hala ere oso ondo egin du eginbeharrekoa. Honekin bukatu dugunean, bakoitzak orriaren goiko aldean bere izena idatzi du.Ondorengo argazkian azaltzen dena aipatutako ariketa da:


Garrantzitsua iruditzen zait esatea, horrelako ariketak egiten ditugunean, bai idatzi egin behar denean, moztu egin behar denean, marraztu egin behar denean, etab. beti ni adi nagoela ondo egin duten edo ez jakiteko eta behar izanez gero, laguntzeko.Modu honetan beraiek seguruago sentitzen direla konturatu naiz orain arte, eta askotan nik ezer ere esan gabe ondo egin duten edo ez galdetzen didate. Niretzako haurrei laguntzea plazer bat da, lehen egiten ez zekitena zure laguntzarekin ikasi dutela ikusteak ongizate bat sortzen duelako!

Patiora jaitsi aurretik hiztegia pixka bat landu dugu. Orain daukagun hiztegia ere berria dela esan behar dut, etxeko gauzetaz doa, hala nola, konketa, garbigailua, harraska, labea, armairua, besaulkia, etab. Ariketa hau egiteko haurrak lurrean ilaratan eseri dira, Nekanek eskutan fitxa batzuk zituela; paretan, berriz, irudi batzuk zeuden. Banan - banan pasatu dira haurrak fitxa bat hartzeko. Fitxa horietan etxeko gauzen izenak jartzen zituen, eta irudiaren azpiko aldean ipini behar zituzten. Beraientzat izen batzuk berriak dira, adibidez, besaulkia, baina horrek ez du esan nahi besaulkia fisikoki zer den ez dakitenik, batzuetan beste izen batekin ezagutzen baitute, kasu honetan, silloia izango zen.

Bihar arte!! Bihar gauza berriekin etorriko naiz!Larraitzera goaz eta!

No hay comentarios:

Publicar un comentario