Vistas de página en total

viernes, 18 de noviembre de 2011

17. eguna


Goizean, jolas libreko unerako, Nekanek Playmobil-eko jostailuzko etxetxoa ekarri du haurrak ordu horretan etxe eta etxearen barnean etortzen diren gauza gehiagorekin ibiltzeko. Haur guztiak jostailuaren ondora gerturatu dira eta etxe handi honekin pozez zoratzen egon dira goiz osoan. Etxearen jostailua gelara ekartzeko arrazoiak, umeak ondo pasatzea eta etxearen egiturari eta bertan egoten diren gauzei buruz gehiago jakitea dira; gainera, orain hasitako gai berriarekin lotuta dago, etxeei buruzkoa da eta. Etxeko gauzak jasotzeko oso erosoa da, maleta batean bihurtzen da! Hona hemen bere argazkia:

Playmobilen etxetxoa

         Arduradunarekin bukatu ondoren, Nekanek “Zenbakien Ipuina ” kontatu du. Zenbakien ipuina, zenbakiak ikasteko modu erraz eta aberasgarri bat da, Jakintza ikastolako irakasleak haurrek zenbakiak ikas dezaten asmoz erabiltzen dute eta orain arte behintzat, oso emaitza onak ekarri ditu.

Hasteko, Nekanek, 0 zenbakitik 9rainoko zenbakien fitxak hartu ditu, baita 10etik 20ra artekoak ere, eta segidan istorioa kontatzen hasi da.
Zenbakiak gu bezala eskolara ere etortzen dira eta bertan lagun pilo bat egiten dituzte, adibidez, 1zenbakiak 0 zenbakia asko ezagutu zuen eta lagun banandu- ezinak bihurtu ziren, horrela 10 zenbakia sortu zelarik; aldiz, bera bezalako zenbakia ezagutu zuenean, hau da, 1 zenbakia ezagutu zuenean, oso lagunak egin ziren baita ere eta orduan 11.zenbakia sortu zen; 3 zenbakia ezagutu zuenean ere oso lagunak bihurtu ziren eta beti elkarrekin zeudelako, 13 zenbakia agertu zen; eta lagun gehiago ezagutzen joan zen, 9 zenbakia ezagutu arte, hortik 19 zenbakia sortu zelarik.1 zenbakiaren ondoko laguntxoak berari “Hama” deitzen zioten, bai h letrarekin, eta bestelako laguntxoak ezagutzen ditugun moduan deitzen ziren.
Egia esan, ariketa hau asko gustatu zait, orain arte jarduera desberdin asko egin ditugu eta oso politak eta ikasteko modukoak izan dira, baina zenbakien istorio hau izugarri gustatu zait! Gainera, haurrak, istorio hau entzuten duten lehengo aldia izan da ( ni bezala) eta oso adi egon dira, ederki pasatu dute eta niri bezala asko gustatu zaie!
             
            Zenbakien istorioa entzun eta gero,haur guztiak lurrean eserita zeudela, Nekanek munduko etxe desberdinetaz hitz egin du; etxe orratz, baserriak, ttipiak, igluak, etab. motatako etxeak daudela esanez. Haurrak gurasoei eman behar zieten oharrean jartzen zuenaz hitz egin du baita ere, azalduz, etxetik, etxe desberdinetako argazkiak ekarri behar dituztela.

Arratsaldean, ordu erdi bat jolas librean ibiltzeko astia izan dute haurrak, Playmobila gelako arrakastatsuena izan delarik. Material guztia jaso eta gero, lurrean eseri dira gelako ume batek ekarritako ipuina kontatzeko, ipuinaren izenburua “Txili eta Txolo oihanean” zen. Haurrei ipuin hau asko gustatu zaie, bertan, animali asko azaltzen ziren eta.

Patiora joan baino lehen, bi ariketa egin ditugu, bata, lan- koadernoko orri bateko ariketa zen, eta bertan labirinto bat agertzen zen; bestea, berriz, Nekaneri arratsaldean bertan egitea bururatu zaiona izan da, berak esan duen bezala, magia egiteko ariketa da, nik zuei aurrerago azalduko dizuedana. Labirintoaren ariketarekin hasi baino lehen, Nekanek, eraikuntzak egiteko pieza ugari ekarri ditu, ariketan agertzen zena antzezteko eta haurrak hobeto ulertzeko. Pieza horiekin bide asko egin ditu, batetik adibidez pasatzea ezinezkoa zena. Hirukoteka, pasatu ahal zuten lekutik pasatzen joan dira, haur guztiak pasatu arte eta ariketa ulertu arte; bidetik ateratzerakoan, otsoarekin egiten zuten topo eta orduan otsoaren sabela ireki eta josi behar zuten. Antzeztu ondoren, bakoitza bere lekuan eseri da eta ariketa primeran egin dute!! Beraz, Nekanek, teknika ezin hobeagoa erabili du! Bukatzeko, irakasleari ariketak zuzentzen lagundu diot, berak bi taldeenak zuzentzen zituen bitartean, nik beste bi taldeen ariketak  zuzenduz (Oso Ondo jarriz).


No hay comentarios:

Publicar un comentario