Vistas de página en total

lunes, 31 de octubre de 2011

OROITZAPENEN ETA IRAKASLE IZAN NAHI IZATEAREN ARRAZOIEN BILA-NI ESKOLAN

          

  MARRAZKIEN AZALPENA:

            Goiko marrazkian ikusten duzuen bezala, eskolatze garaiko oroitzapenak plasmatu ditut. Ezkerraldean, oroitzapen ona dago marraztua, eta eskuinean, berriz, egoera txarra. Egoera hauetaz lan honen A atalean hitz egin dut, baina orain gehiago sakonduko ditut buruan dauzkadan oroitzapen horiek.

            Eskuinaldeko marrazkian, ni plastikako txokoan marrazten eta margotzen azaltzen naiz, nola ez, antzarrak bere lazo handia buruan dutelarik. Momentu horretan, nahiz eta nire aurpegia ez ikusi, marrazten irribarretsu azaltzen naiz, txoko hau nire gogokoena baizen. Mahaian eserita nengoen bakoitzean, bakarrik nengoela iruditzen zitzaidan, une horretan margoak, papera eta ni neu baikinen gelan geunden bakarrak. Hori da mahaia eta marrazteko papera hain handiak egin ditudan arrazoia, eta baita nire inguruan ezer gehiago ez margotzearen arrazoia. A atalean esan bezala, marrazketako orduak minutuak balira bezala igarotzen zitzaizkidan eta ordu hau amaitzen zen bakoitzean, berriro ere, hurrengo plastika ordua noiz iritsiko itxaroten egoten nintzen. Egin dudan marrazkian, irakaslea azaltzen ez den arren, nire margolanak bukatzen nituenean beti besoa altxatzen nuen niregana etorri zedin, eta egindako marrazkia erakusteko, horrela berak on-ikusia ematen zidan eta izena jartzeko esaten zidan, ondoren nire apalean ondo gordetzeko. Niretzako izena jartzeko une hori artista handiak beren artelanetan sinadura jartzen duteneko bezalakoa zen. Beraz, plastikan bizitako uneak gehien gogoratzen ditudanak dira, beste hainbat momentuz ez hainbeste… marrazten eta eskulanak egiten goiz hasi nintzen, eta espero dut zahartzaroan ere horrela jarraitzea!

            Eskuineko marrazkian, ezkerraldeko marrazkian ez bezala, patioko orduan gertatutako gertakari bat islatzen dut. Patio ordu guztietan, azkenean nire lehengusuak eta nik elkarrekin bukatzen genuen -marrazkian ikusten den bezala. Beste ikaskide batzuk egunero nire lehengusuari adarra jo ondoren negar batean nire bila etortzen zen, eta nik kontsolatzen eta defenditzen saiatzen nintzen.  Ikusten duzuen bezala, zerbait gertatzen zitzaion bakoitzean niregana etortzen zen, nahiz eta bere irakaslea patiotik ibili baita ere. Marrazkian nire lehengusua negar egiten egin dut, baina marrazkian islatzeko ezinezkoak diren beste sentimendu batzuk ere bazituen, urduritasuna eta frustrazioa; une horietan, nik ere beste sentimendu batzuk banituen, haserrea eta bera horrela ikusiz pena handia, izan ere, egoera hauek egunero errepikatzen ziren. Horregatik eta beste hainbat gauzengatik betidanik oso harreman ona izan dugu, eta niretzako ahizpa bat bezala da, izan ere, berari zerbait gertatzen zaioenean niri ere kalte egiten dit.

            Marrazten hasi baino lehen, nire oroitzapenetan jira eta bira ibili naiz nire haurtzaroko itxura nolakoa zen gogoratzeko, baita nire lehengusuarena ere. Bertan islatu ditudan janzkerak benetakoak dira, baina koloreak ez ditut oso ondo gogoratzen. Nire lehengusuari soineko eder horrekin marraztu diot berarentzako soinekoak eta gonak bere jantzi gogokoenak direlako, eta ni ere soineko batekin azaltzen naiz, niri ere asko gustatzen zitzaizkidalako horrelako jantziak.

OROITZAPENEN ETA IRAKASLE IZAN NAHI IZATEAREN ARRAZOIEN BILA


2. OROITZAPENEN ETA IRAKASLE IZAN NAHI IZATEAREN ARRAZOIEN BILA




A) NIRE ESKOLATZEKO UNE GOZO ETA TXAR BANAREN DESKRIBAPENA.


            Hurrengo lerroetan, iraganera itzultzen saiatuko naiz, hau da, nire eskolatze garaiko gertaera onak eta txarrak gogoratzen saiatuko naiz. Garai hartako hainbat gauza gogoratu ditut, eta ondoren idatziko ditudanak garrantzitsuenak dira niretzako.

            Hasteko, nire oroitzapen txarrez hitz egingo dut. Eskolatzean gertatutakoa da gertaera hau, eta berandu arte ez zuen amaierarik izan. Oroitzapen honen protagonistak ni neu eta nire lehengusua gara.

 Nire lehengusuak txikitatik ezintasun psikiko bat du eta ni beti izan naiz bere ondoan laguntzeko prest eta une oro maitasuna emanez. Esan behar dut, haur hezkuntzatik ikasgela berean egon garela, eta garai hartan, ezintasunak zituzten umeak B ereduan sartzen ziren, hau da, nik neuk ikasi nuen ereduan zeuden; egoera ezberdinak aurkitzen ziren, gurpildun aulkian zegoen neskatxa bat zegoen, beste batzuek hitz egiterako orduan zailtasunak zituzten, beste batek Down sindromea zuen, etab. Hori dela eta, beti elkarrekin egon gara, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren urtera arte.

Nire lehengusua oso mugitua eta hizlaria  zenez, pazientzia asko izan behar zen berarekin, eta edozer gauzarekin segituan aztoratzen zen. Ikaskide guztiak hori jakinda, berari adarra jotzen zioten, eta berehala nire bila etortzen zen. Horiek ziren eskolan pasa ditudan unerik gogorrenak, nire lehengusua negarrez nire bila etortzen zen momentuan eta nola adarra jotzen zioten ikustean. Kasu horietan, beti defendatzen nuen, eta askotan, beste ikaskideekin haserreturik bukatzen nuen; nik ere askotan negarrez bukatzen nuen momentuko tentsioaren ondorioz, eta orainaldian oroitzapen horien gainean gogoeta eginda, ez naiz ezertaz damutzen, nire bihotzak esandakoa egin bainuen.

Guzti hau bizi ondoren, eta denbora guzti horretan pertsona horiekin bizi ondoren, hau da ikasi dudana: pertsona guztiek merezi dugun errespetua berdina dela kasu guztietan; laguntza gehiago behar dutenez, prest egon behar dugula hori emateko; guk uste dugun baina maitasun handiagoa behar dutela; gure arreta beharrezkoa dutela, hau da, beste edozein pertsonak bezala entzute aktibo bat behar dutela; onerako eta txarrerako bere ondoan egotea ezinbestekoa dela; etab.

Gaur egun ere, nire lehengusuarekin egoten naizen bakoitzean, portaera berdina izaten jarraitzen dut, bera pozik egotea eta izatea da nik lortu nahi dudana. Nire gelan egon diren beste ezinduekin ere harremana izaten jarraitzen dut, izan ere, kalean edo edozein lekutan ikusita ere, beti geratzen naiz eurekin hitz egiteko.

Pertsona hauekin bizitako guztiaren ondorioz betidanik irakaslea izan nahi nuela jakin dut, heziketa bereziko irakaslea. Gaur egun, haur hezkuntza egiten ari naiz, izan ere, ezintasuna duten haurrekin lana egiteko aukera ere ematen baitit.

Ez nuen inoiz pentsatu gai honi buruz sekula hitz egingo nuenik, eta are gutxiago hemen idatziko nuenik, baina azken finean hau nire iragana izan zen, eta nire istorioaren zati bat da.

Oroitzapen txarrak alde batera utziz, ona azaltzera pasatuko naiz. Burura datorkidan oroitzapen hoberena, edozein eskulanen aurrean nengoen unea da. Bertan, orduak minutuak balira bezala igarotzen ziren, eta nire irudimena hain handia zen edozer gauza egiteko gai nintzela, irakaslea ere harrituta uzten nuelarik.

Plastikako txokoan esertzen nintzen bakoitzean ikastetxeko umerik zoriontsuena nintzen, ez zitzaidan axola marrazki bat egin behar bazen edota plastilinarekin irudiren bat egin behar bazen ere, ezta ariketa gidatu bat egitea ere. Egiten nituen marrazkietatik gogoan ditudanak hauexek dira: antzarrak ( beti ere beren lazotxoa buruan zutela), lore ezberdinez beteriko ontziak, etxetxoak ( teilatuaren azpian leiho borobil bat zutenak) eta hondartza ( arrainez beteta).

Askotan nire marrazkietan nire sentimenduak eta bizitzako egoerak islatzen nituen, oraindik gordeta ditudan marrazki batzuetan, garai hartan hauek egiteko erabilitako koloreengatik eta marraztutakoarengatik esaten dut hau. Eta oraindik gogoratzen dut marrazkiekin egiten genuena, batzuetan irakasleari oparitzen genizkion, eta beste batzuetan, gure artean oparitzen genituen, bakoitzak zuen marrazkietako karpetan gordetzeko edo etxean zintzilikaturik ipintzeko.

Eskulanen orduan, nire gelakideak niregana laguntza eske etortzen ziren, eta nik, gustu handiarekin, nire laguntza eskaintzen nien. Bestalde, nire eskulanekin oso zorrotza nintzen, beti egindako guztia ezin hobeto egiten saiatzen bainintzen.

Behin, irakasleak nire gurasoei plastikako irakasle izateko balio nuela esan zien, eta esandako hori kontutan hartu dut, haur hezkuntza ikasten ari naiz eta marrazkiak egitea eta eskulanetan trebea izatea oso garrantzitsuak diren aspektuak dira.

Txiki – txikitatik hasi zen nire denbora-pasa gogokoenetako bat izaten eta gaur egun ere nire denbora librean marrazten eta eskulan batzuk egiten jarraitzen dut (nahiz eta denbora asko ez izan). Nire azken eskulanak kaxa batzuen apainketak izan dira (argazkiekin, lazoekin, egunkarietako orrialdeekin, etab.); nire azken marrazkiak, aldiz, modelo batzuenak izan dira (arropa diseinatzea asko gustatzen zaidan gauzetariko bat da eta).

Bukatzeko, esan behar dut asko gustatu zaidala eskolatze aldian gertatutako oroitzapen on eta txarrez hitz egitea, sentimendu eta emozio asko ekarri dizkit eta. Gauza batzuk irribarre bat marraztu dute nire aurpegian, eta idazteari utzi diot momentu haietara berritzultzeko…

Beraz, asko gustatu zait ariketa hau egitea, haur hezkuntzako irakasle izango garenean gure ikasleek gu bezala oroitzapen onak eta txarrak izango baitituzte, eta gu geu izan gaitezke oroitzapen horien eragile nagusienetariko batzuk. Beraz, saia gaitezen hezkuntza on bat ematen, baina baita, horrez gain, betirako gordeko dituzten momentu dibertigarri, goxo eta ahaztezinak ematen.

viernes, 28 de octubre de 2011

ORDUTEGIA


IKUSTEN DUZUEN BEZALA, HAU DAUKAGUN ORDUTEGIA DA!

4.eguna!

Egunero bezala, gaur goizean jolas librea egin dugu.Haurrei oso gustora ikusten zaie ordu honetan libreki jolasten eta nahi dutena egiten, baina badago nire klasean ordu honetan ezer ez bueltak eman baino egiten duena.Mutil hau beti bere laguntxoei nola jolasten ari diren begiratzen die, eta berak ez du ezertan jolasten.

Bideo gelara joan gara ondoren “Txirritx eta inurria” ikustera. Bideo honetan, atzo esan bezala, basoak udaberrian, udan, udazkenean eta neguan jasaten dituen aldaketak erakusten dizkigu.Gela horretan lau urteko hiru gelak elkartu gara, eta denok isil -isilik mantendu dira bideo osoan zehar.Bideoa ikusi ondoren, honekin zerikusia dituen ariketa batzuk denen artean ozen egin ditugu.

Bideo gelatik atera eta Nekanek haurrak eskuak garbitzera eta pisa egitera bidali ditu, gero hamaiketakoa egingo genuen eta.Hamaiketakoa haurrek eskolara ekarritako fruituekin egin dugu:platanoekin, laranjekin, sagarrekin, mahatsekin, etab.Horretarako, haurrak lurrean  borobilean jarri dira eserita (bakoitzak ekarritako fruituekin).Nekanek fruituak eskatu eta zuritzen hasi da, zatiak lau plateretan banatuz -4 talde dira guztira.Fruitu guztiak zuritu ondoren plater bana mahai bakoitzean utzi dut eta haurrak bere lekuetan eseri dira.Nekanek esan arte ez dira jaten hasi.

Arratsaldean ariketa desberdin bat egin dugu, oraingo honetan ez zuten bakarrik idatzi behar, horretaz aparte eginbeharrekoa lau irudi moztea zen.Ariketak hamaiketakoarekin zerikusia zuen, izan ere, moztu behar zituzten irudietan, lau egoera desberdin azaltzen ziren. Lau egoerak hauek ziren:haurra amatxorekin frutak erosten, platerak garbitzen, jaten eta fruituak zuritzen; fitxa nik esan dudan ordenan zeuden jarrita. Batzuk oso azkar moztu eta apalean gorde dituzte, beste batzuk, aldiz, denbora asko behar izan dute irudiak mozteko.Neskatxa batekin denbora dezente egon naiz, ezkertia da eta edozein gauzarekin arreta galtzen du; laguntzen eta motibatzen saiatu naiz eta orduan geroz eta azkarrago mozten ari zela konturatu naiz.

Bihar, hau da, larunbatean, Xabier- en urteak dira, eta horregatik gaur gure eskolan ospatu ditugu. Bere amak denontzako txokolatea eta ogiak ekarri ditu, irakasleak ogitartekoak egiteko eta gero jateko denon artean bere urtebetetzea ospatuz. Ogitartekoak eta puxikak berak banatu ditu, eta gero Zorionak Zuri abestu diogu!baina horretarako tartaren kandelak itzali behar ditu.


Gelatik korridorea ateratzerakoan, denok ezagutzen dugun abestia entzun dugu, ostiralero entzuten dutena!

Ostirala iritsi da
iritsi da ostirala.
Pozez betetako eguna,
zatoz gurekin laguna.
Mantala etxera eta
oporrak bi egunetan.
Astelehenean berriz ere
bilduko gara ikastolan.
Laralala lara lara …

OSTIRALA IRITSI DA!



OSTIRALA IRITSI DA!!!!!

ABESTI HONEKIN AGURTU GARA ASTEAZKENERARTE!

jueves, 27 de octubre de 2011

gaur arratsaldean egindako ariketa (marrazki gidatua)




gaur goizean egindako ariketa


3. eguna!

Egun hauetan esan bezala, gaur, goizeko lehenengo orduan,  haurrak nirekin bakarrik egon dira, Nekane ezin izan da etorri eta.Ordua oso azkar pasatu zait, izan ere, jolas libreko garaia zen  eta nire eginkizunak behatzea, laguntzea, ordenagailuan erabiltzen ari diren programa jartzea eta giro egoki bat mantentzea baino ez ziren.Hala eta guztiz ere, oso gustura egon naiz beraiekin, eta irakaslearen paperean egotea asko gustatu zait!espero dut urte batzuetan horrela egotea,  ni nire umeekin eta nire gelan!.Nekane pentsatzen zuena baina beranduago etortzen baldin bazen, orduan, jolas librearen ondoren, beste gauza batzuk egitea pentsatu genituen; hala nola, arduradunarekin gaurko eguna egutegian borobildu eta gero arbelean jarri, baita gelara etorri direnak zenbatu eta falta denaren izena etxearen irudian jarri, eta patiora joan baino lehen, ipuin bat kontatzeko asmoa nuen.

Aurretik esan dudan bezala, irakaslea ordubete beranduago etorri da, hau da, hamaiketan iritsi da gure gelara.Gelara sartu denean gela txukundu behar zela esan die, eta haurrak horretan jarri dira.Txukundu ondoren, bakoitza bere lekuan eseri da (lurrean), Nekaneren parean.Orduan andereñoa abesten hasi da eta haurrek lehendik kanta jakinda zeukatenez, berarekin abesten hasi dira.Abestian hilabeteen izenak esaten dira, baina gauza ez da bakarrik hilabeteen izenak kantatzea, gauza da, hilabeteak esateko orduan keinu desberdin bat egiten dela; 3 lehenengo hilabeteak hankei eskuekin emanez abesten da, hurrengo 3 hilabeteak, txalotuz abesten dira, atzetik datozen 3 hilabeteak esku bakoitzeko behatzak mugituz abesten da, eta azkeneko 3 hilabeteak burua mugituz esaten dira.Hobeto ulertzeko, ondoren jarriko dut azalpena:


HILABETEN IZENAK IKASTEN
  • Urtarrila, otsaila, martxoa (hankei eskuekin emanez abestu)
  • Apirila, maiatza, ekaina (txalotuz abestu)
  • Uztaila, abuztua, iraila (bi eskuetako behatzak mugituz abestu)
  • Urria, azaroa, abendua (burua mugituz abestu)
Esan behar dut,  hilabeteen izenak ikasteko modurik errazena eta dibertigarriena dela, modu honetan oso azkar ikasten dute, eta bitartean, ondo pasatzen dute denon artean abesten.
           
Abestiaren ondoren, Nekanek nik irakurtzeko asmoa nuen ipuina kontatu du.Ipuinaren izenburua “Txirrita eta Inurria “ da.Basoek izaten dituzten aldaketei buruzkoa da, hau da, udaberrian, udan, udazkenean eta neguan nola egoten diren ikasteko moduko liburua da. Irakaslea narratzailea izan da, eta bertan azaltzen diren elkarrizketak, berriz, haurrek, denen artean ozenki esan dituzte.Nire ustez, antzezteko modu bat da, eta oso egokia gainera!.

Ipuina bukatu eta berriro abestu dugu! Baina orain musika- aparailuaren laguntzarekin egin dugu.Atzo abestutako eta dantzatutako abestia izan da entzun duguna!”Anttoni eta Antton” izeneko abestia.

Atsedenaldiaren ondoren, bakoitzak bere liburuxka hartu du ariketa bat egiteko.Ariketa bakoitzean zer egin behar den jartzen du, baina umeak oraindik irakurtzen ez dakitenez, Nekanek beraien kabuz ariketan zer egin behar den jakitea uzten die.Taldeetan adosten da ariketa nola egiten den eta azkenean nola egingo den, izan ere, jarduera batzuk egiteko aukera bat baino gehiago egoten da, eta gainera, ariketan nola egin behar den jakiteko, pistak ematen ditu.

Arratsaldean bi ariketa egin ditugu, marrazketa gidatu bat eta beste marrazketa, baina oraingoan, bestean ez bezala,  nahi zutena marraztu zezaketen.
Marrazki gidatua nahiko ondo egin dute eta ondo jarraitu dute irakasleak esaten zuena eta marrazten zuena.Bigarren ariketan, aldiz, arazo gehiago egon dira, batez ere ume batekin.Esan dudan umea oso urduri jartzen da jarduera indibidualak egin behar dituztenean, hasi aurretik negarrez hasten da; bere arazoa, nire ustez, bere ondoan heldu bat behar duela da, ni nagoenean, adibidez, lasaitzen da, baina hala eta guztiz ere, ondo egin  duen edo ez maiz galdetzen dit.

miércoles, 26 de octubre de 2011

2. eguna!!



Gaur goizean, egunero bezala, haurrak lehenengo orduan libreki aritu dira jolasean. Batzuk marrazten aritu dira, beste batzuk ordenagailuan, eta baita eskuragarri dauden jolasekin jolasten. Nekane mahai batean eseri da puzzle batekin, bere inguruan zeuden umeak berarekin puzzlea egiten aritu dira. Ni, berriz, leku guztietatik pasatu naiz, baina denbora gehiago igaro dudan lekua marrazketakoa izan da, haurrek beren marrazkiak bukatzerakoan erakutsi egin dizkidate, zer egin duten esanez, nik, berriz, gustu handiarekin entzun diet. Harrigarria da haurrek duten irudimena; paper batean margotzen dutena istorio bat izan daiteke! Adibidez, horrela izan da neska batek egin duen kolore askotako marrazkia. Maitane du izena eta egiten dituen marrazkiak beti istorio luzeak dira. Marrazkian, mutil bat bere logelan lo egin ezinik dago, bere ama, aldiz, aldameneko logelan dago; ez du nahi bere ama bere logelara sartzea, bertan zomorroa dago eta sartzen baldin bada mina egingo dio. Bere aita logelara muxu bat ematera sartzen da eta zomorroa lurrean dagoela ikusiz, lurretik hartzen du eta apal batean uzten du. Zomorroa panpina bat baino ez da! Eta Gorka, hori ikustean, lasai-lasai lo geratu da.

Lehen ordua pasa eta gero, denok lurrean eseri gara, irakaslearen parean. Miren Nekaneren ondoan jarri da gaurko data esateko eta egutegian borobiltzeko. Mirenek denbora – espazioaren kontzeptua ez du oraindik oso ondo barneratuta, horregatik Nekanek, hori jakinda, asko laguntzen dio eta motibatzen du behera ez etortzeko. Azkenean, laguntza txiki batekin oso ondo esan du gaurko eguna zein den, eta irakasleak Miren esandakoa arbelean idatzi du guztien laguntzarekin: “Asteazkena, 26a”.
Ondoren, gelara etorri diren haurrak zenbatu ditu eta bat falta zela konturatzerakoan etxeko irudian ipini du etorri ez denaren izena.

Arduradunarekin bukatzerakoan, psikomotrizitate gelara joan gara, baina aurretik, bertan egin dezaketena eta egin ez dezaketena ozen esan dute. Gela horretara sartzerakoan, haurrek oinetakoak kendu dituzte leku finko batean utziz.

Segidan, lurrean borobil bat eginez eseri dira eta irakasleak esandakoa arretaz entzun dute. Aurretik landua zuten abesti bat dantzatu behar dute, mutilak nesken parean jarrita. Orduan, ume guztiak lurretik altxatu dira eta bi ilara egin dituzte, mutilak alde batean, eta neskak bestean. Abestiaren zati bat neskek mutilei abestu diete, gero, abestiaren beste zatia, mutilak neskei abestuz.
Abestia bukatzerakoan, bikoteka jarriz dantzan hasi dira.
Aipatutako abestia hau izan da:

-         Anttoni; Anttoni!!
Zure atean nago ni.
-         Ai Antton, ai Antton!!
Ate onduan, hor konpon!!!

Eguneroko lanak egiteko, irakasleak Urtxintxa programa erabiltzen du. Orain erabiltzen ari diren liburuxka ariketak egiteko “Hostoak Firin - Faran” da. Gaur egindako ariketa liburuxka horretatik atera du eta hau izan da:

Lehenik arbelean udazkeneko fruituak idatzi ditugu, ume bakoitzak horietako bi aukeratu behar dituelarik ostiralean egingo dugun merendolara ekartzeko.

·        Platanoa

·        Sagarra

·        Pikua

·        Mahatsak

·        Udarea

·        Kiwia

·        Laranja

·        Mandarina


Fruituak aukeratu ondoren, ondorengo fitxa bete behar izan dute gure laguntzarekin:



Erosketen zerrenda:

Ikastolan merienda egiteko, _______________ (e)k,


Familiakoen laguntzarekin, fruitu hauek erosi behar ditu, eta gelara ekarri:

-         ________________
-         ________________


Orokorrean denei lagundu diedan arren, idazten kostatzen zaienei lagundu diet, eta gehienbat Mikeli, idazte prozesuan oso atzeratuta baitoa. Esan behar dut haur batzuei zerrendan jartzen duena gaztelaniaz berridatzi diedala, izan ere, guraso guztiak euskara ez baitakite.

Horrekin bukatu dugu eguna, eta bihar lehen orduan irakasle lanak bete behar ditudanez, irrikan nago noiz iritsiko!

martes, 25 de octubre de 2011

Jakintza ikastetxean jai eguna!

Gaur ez dugu eskolarik izan, Euskal Herriko eguna da, eta egun honetan, bertan, jai eguna izaten da.Hala ere, atzoko gauza gehiagoz jardungo dut.

Aipatzeko da, suertatu zaidan gelan bi kanpotar daudela, bata Ekuadorretik etorritakoa da, bestea, berriz, ama bertakoa izan arren, aita Brasildarra du. Atzoko egunean ikusi ahal nuenez, bi mutikoen artean oso harreman ona dago, eta bestelako haurrekin ere oso ondo eramaten dira. Ni arazorik gabe onartu naute eta gainera lehen egunetik eskutik hartu naute. Egunak joan ahala bi haur hauetaz hitz egiten jarraituko dut.

Argitxo euskara bultzatzen duen ipotx bat da, erdaldunak direnei euskaraz hitz egiten bultzatzeko erabiltzen da.Txirritx, aldiz, beste irudi sinboliko bat da, haurrei lanak egitera bultzatzen dituena.














Bestalde, esan behar dut, Nekanek osteguneko lehen orduan gelan ni bakarrik egongo naizela esan didala, berak ezin baitu etorri. Ordu horretan jolas libreak egiten direnez, nire ardura gelan giro egokia mantentzea izango da, baita laguntza eskaintzea behar izanez gero eta behatzailea izatea ere bai. Beraz, irakaslearen papera hartuko dut gustu handiz!

Gaurkoz hau izan da dena, bihar berri gehiagorekin izango nahiz hemen!!

lunes, 24 de octubre de 2011

egunerokoa-lehenengo eguna!

Gaur, nire praktikaldiko lehenengo eguna izan da Ordiziako Jakintza ikastetxean lau urteko haurrekin. Oso egun berezia eta emozioz beterikoa izan da. Nire gelako hamazortzi haurrak ezagutu ditut, hiru izan ezik, baita nire tutorea den andereño Nekane ere.

Gelara iristean, ume guztiak alde batetik bestera ibiltzen ikusi ditut, eta, honek, nire jakinmina piztu du. Jakin izan dut, egunero, gelara iritsi bezain laster, lehenengo ordu osoa libreki ibiltzen direla. Gelako ordenagailuan, mahaietan margotzen edota liburuak irakurtzen egoteko aukera dute. Gaur beste aukera bat izan dute egiteko, irakaslearen laguntzarekin fruitu lehorrak txikitzekoa. Konturatu naiz ia haur guztiak leku guztietatik pasatu direla.
Honekin batera, nire ustez, eguna hasteko modu egokia da. Modu honetan, nahiz eta gidari bat ez izan, ikasteko beste modu bat da eta autonomia pertsonala lantzen da.

Hamarretan, erabili duten material guztia jaso dute, bere lekuan utziz. Ondoren, haur bakoitza bere lekuan eseri da (lurrean). Gaur, asteko lehen eguna denez, astelehena, gelako arduraduna aldatu da, Nahiari egokitu zaio lan hau. Nahiak, talde bakoitzeko arduraduna zein den esan du. Ondoren, gaurko eguna egutegian borobildu egin du eta irakasleak arbelean idatzi du gauza bera. Hau egin ondoren, gelara etorri diren laguntxoak zenbatu ditu, orduan hiru falta direla ohartu da eta hiru hauen izenak azaltzen diren txartelak hartu ditu etxetxoaren irudian itsatsiz.

Arduradunarekin amaitu ostean, Nekanek (andereñoak) haurrek astebukaeran lortutako fruitu lehor guztiak ekarri ditu eta horrekin batera bakoitzaren izena esan du, baita fruitu lehor horiek jaiotzen diren zuhaitzen izenak ere. Segidan, lehendik txikitutako fruitu lehorrak hartu ditu eta haurrei banatu dizkie jateko.

Zuhaiz hostoen sailkapena egiten.

Ipuinaren unea ere izan dugu. Neskatxo batek etxetik Bob Esponjaren liburua ekarri du, eta irakasleak etekina ateratzeko liburua irakurri du. Haurrak oso adi egon dira une oro, eta batzuk, liburua aurretik ezagutzen zutelako gertatuko zena azaldu dute. Atsedenaldiaren unea iritsi denez, ipuinaren narrazioari amaiera eman beharrean ikusi da irakaslea.
Nekanek ipuinarekin egin duena oso egokia iruditzen zait, izan ere, haurrek asko gustatzen zaizkien gauzak etxetik ekartzen dituztenean, horren garrantzia erakusten du bere eskuan dagoena eginez.

Atsedenaldian haur asko ezagutu ditut nire gelakoen adin berekoak. Eta ikastetxeko hainbat irakasleekin ere hitz egin dut nire burua ezagutzera emanez.

Atsedenaldiaren ondoren, ingelerako gelara abiatu dira, eta irakasleak bertan geratu nahi dudan galdetu dit eta baietz erantzun diot. Haurrak oso ondo pasatu dute koloreak ikasten, irakasleak esaten zuena errepikatzen eta ondorengo abesti tradizionala abesten:

Red and Yellow,
Blue and Green, Blue and Green, Blue and Green
Red and Yellow,
Blue and Green, Black and White and Brown.
Orange, Purple,
Pink and Grey,Pink and Grey, Pink and Grey,
Orange, Purple, Pink and Grey,
Black and White and Brown!!!

Arratsaldean, gelako ume baten urtebetetzea denez, lau urteko haur guztien artean ospatu dugu. Horretarako, bideo gelara abiatu gara "Hartz Txikia"-ren filma ikustera. Filma oso luzea denez, beste erdia beste egun baterako utzi dugu eta, orduan, haur bakoitzari txokolatezko ogitarteko bana eman zaie Manex-en urteak ospatzeko (bere amak ekarri ditu txokolate eta ogiak).

Eguna bukatzeko, ikastetxean dagoen patiora jetsi gara jolasteko eta ogitartekoa jateko.

Gauza asko ikasi ditut gaur, baina horiek poliki poliki jakinaraziko dizkizuet.

Hau izan da nire lehenengo egunean bizitako esperientzia multzoa!!

AURKEZPENA

Blog honekin hasteko, nire burua aurkezten hasiko naiz.Nire izena Myriam Gonzalez da, Donostiako magisteritza eskolan ikasten ari naiz, Haur Hezkuntzako bigarren ikasturtea jorratuz.Blog honetan lau asteetako praktikaldia azalduko dut, nire iritziak, hausnarketak, egunero ikusten ditudan gauzak, atentzioa deitzen didana, irudiak, etab. isladatuz.Beraz, Blog polit bat eta nire gogoeta guztiak biltzen dituena egiten saiatuko naiz, nahiz eta blog honen erabilera ez dudan oso barneratua.Saiatuko naiz, beraz, irakaskuntzarekiko dudan jarrera eta asmoei buruzko gogoeta egiten.

Espero dut gustokoa izatea eta zuen ikastetxeetan ikusten ez duzutena hementxe topatzea!!.

Ondo aprobetxatu aukera hau!eta asko ikasi!