Vistas de página en total

martes, 3 de enero de 2012

practicum 2011


             
             Bloggean ibiltzen zaretenen artean, askok jada ezagutuko nauzue, Donostiako Haur Hezkuntzako ikaskideek batik bat. Naiz eta aurretik ezagutu edo ez, gaur, ezer baino lehen, niri buruz zertxobait jakin dezazuen, nire burua aurkeztuko dizuet. Ondoren, orain arte blog honetan burututako praktikei buruzko azalpenei nire iritzia gehituko diet; adibidez, ikusitakoaren inguruan zer den gehien gustatu zaidana, zer gutxien.; zer gauzak arreta deitu didaten, etab. Eta bukatzeko, praktikei buruzko iritzi sakon bat irakurri ahal izango duzue.

 Ni Myriam Gonzalez naiz, Donostiako unibertsitateko Haur Hezkuntzako ikasle bat hain zuzen ere.Bizi naizen herriak Beasain du izena, eta bertan bizi izan naiz orain arte, 21 urte hain zuzen ere. Unibertsitatean sartu aurretik, goi mailako heziketa ziklo bat  burutu nuen, orain bezala Haur Hezkuntzakoa ere, eta unibertsitatera ogibide honetako oinarri batekin etorri nintzela esan behar dut. Bigarren mailan nago, eta hori dela eta, teoriaz aparte, praktika egiteko ere aukera izan dut. Praktika- aldia,  hilabete bat iraun du, eta nik aukeratutako ikastetxea Goierri inguruko herri bat da, zehazki Ordiziako Jakintza Ikastetxea; bertako eskolan, lau urteko 21 haurrekin egon naiz, baita irakasle zoragarri batekin ere.
Dakizuen bezala, lehenengo praktika- aldian gauza askok arreta deitzen dizu, ikastetxe ezezagun batetara joaten zarelako eta bertako jendea, irakasleak, ingurunea, metodologia, etab. ezagutzen ez dituzulako; orain arte, ikaslearen paperean egon zara eta ez irakaslearenean ordea, beraz, gaur egun arte, gure ikuspuntua ikaslearen aldekoa izan da. Eta gaur, honetaz guztietaz hitz egingo dizuet, zehazki, aipatutako ikastetxe berri horretan ikusitakoaren inguruko iritziaz.

            Ondorengo lerroetan ikastetxean ikusitako guztiaren inguruko iritzia emango dizuet. Alde batetik, Asko gustatu zaidan eta oso egokia iruditu zaidan gauzetariko bat taldekatzeko irizpidea izan da, izan ere, antolakuntza bat dago esertzeko orduan, erabili behar diren gauzak mahaira eraman behar direnean eta baita zenbait ekintza burutzeko orduan, taldeak jada osatuta daude eta.Gainera, gelan ikusi ahal dudanez, teknika hau oso positiboa da, haurrek oso ondo eramaten dute eta hori argi eta garbi ikusi dut haurrek arduraduna izatea ea noiz tokatzen zaien galdetzen zuten bakoitzean.Beraz, taldekatzeko modu hau ezin hobeagoa iruditu zaidala esan behar dut!.

            Beste aldetik, txoko txuriaren metodoa asko harritu nau,  oso txoko polita eta beharrezkoa iruditzen zait. Gelan egon naizen hilabetean  bere garrantziaz ohartu naiz, eta garrantziaz aparte, txoko honekin lortu nahi den helburua azkenean lortzen dela ere konturatu naiz. Orduan, argi eta garbi ikusten dugu txoko hau ezinbestekoa dela,  gaian azaltzen diren zenbait gauza ikasteko oso lagungarria delako,  eta gainera, haurrei gaiarekin lotuta dauden gauza errealak ikustea ilusioa egiten dielako.

            Horietaz aparte, ikaragarri gustatu zaidana psikomotrizitate gela izan da. Gela honetan material ugari daukate edozein gauzatan jolasteko, eta gainera, sekulako espazio zabala dute edozein mugimendu edo jolas ahal izateko. Pilotaz beteriko igerilekua ere harritzekoa da, handia izateaz gain, pilota asko ditu barnean.Eta gutxi balitz, materiala oso ondo zainduta eta antolatuta daukate, gauza bakoitza, erabili ondoren, bere kaxan sartzen delarik.

            Inoiz ahaztuko ez dudana Pintto da. Pintto, gogoratzen bazarete, nire gelan zegoen maskota zen.Oso erabilgarria da, egunero erabiltzen genuen idazteko orduan, bera baita umeei idazten laguntzen eta irakasten diena. Bere marra horizontalak, bertikalak, diagonalak eta isatsaren formak izen bana dute, eta horrela gidatzen dira haurrak idazteko orduan.

            Arreta deitu zidan beste gauza bat arduradunak egiten zuena zen. Hiru egunetan eginbehar batzuk zituen, eta beraz, hiru egun horietan protagonista zen. Konturatu izan naiz, haurrak arduradunak izateko irriketan daudela, eta unea iristen denean urduri daudela, baina hala ere, ahal duten hobekien egiten saiatzen dira. Azkenean, haur guztiak betetzen dute arduradunaren lana, zerrenda bukatu arte jarraitzen da eta gero, berriro ere hasieratik zenbatzen da.

            Informazio eta komunikaziozko arloari dagokionez, ez dute ni pentsatzen nuen bezain beste erabiltzen, baina egia da eguneroko lehen orduan gelan bertan dagoen ordenagailuan txandaka ibiltzen direla. Ordenagailu gelara astean behin joaten dira, horregatik esaten dut berez ez dituztela asko erabiltzen. Materialaren aldetik, hardware eta softwarea erabiltzen dituzte; hau da, alde batetik ordenagailua erabiltzen dute, baina bestetik ere, programak, jolasak, ipuinak, etab. erabiltzen dituzte.Internetaren erabilpenari buruz, irakasleek bakarrik erabili dezaketela esan behar dut, eta hau oso egokia iruditzen zait, izan ere, haurrek ez dute lau urte baino.

            Alde negatiboan ez dut gauza bat baino ikusi, eta hori psikomotrizitateko orduan izan da. Harresiaren uneari buruz ari naiz. Ez dut une hau bizitzeko aukerarik izan, bertako irakasleak ez dute egiten eta… Gainera haurrei asko gustatuko zitzaien harresia botatzearena.

            Hau guztia esan ondoren ikusi dezakezue gauza negatiboak baino, positiboagoak gehiago izan direla. Goran aipatutakoak ez dira gustatu zaizkidan bakarrak, gehiago daude, baina ez nuke inoiz bukatuko…eta horregatik garrantzitsuenak ipini dizkizuet.
Gainera, horiek guztiak birgogoratu ondoren, ondorio bezala iritzi batzuk etorri zaizkit burura, besteak beste, asko ikasi dut eskolan egondako asteetan; ez naiz inoiz gaizki sentitu, haurrak lehen momentutik oso ondo hartu baininduten; oso maitatuta sentitu izan naiz, eta maitasuna nik haurrei ere adierazi dietela esan behar dut; egoera desberdinetan zer jarrera hartzea egokia den ikasi dut; inprobisatzen jakiteak haurrei irakasteko eta zerbait ulertzen laguntzeko zein garrantzia duen ikusi eta ikasi izan dut; haurrek txandak errespetatzeko eta materiala denok erabiltzeko dela jakiteko, mugak jartzen jakitea beharrezkoa dela ikasi dut; irakasteko orduan motibazioa ezinbestekoa dela ere ohartu izan naiz; etab. Horrenbestez, blog honetako etiketa batean praktikak bukatu arteko hausnarketa batzuk ditut, non, nire sentsazioak, esperientziak, ikasitako gauza asko, etab. biltzen ditudan.

            Bukatzeko, esperientziarik nabarmenena eta ahaztezinena izateko aukera izan dudala azpimarratu behar dut. Eskerrak eman nahi diet bai nire 21 haurrei, irakasleari eta baita ikastetxe osoa osatzen dutenei ere! BIHOTZ- BIHOTZEZ… ESKERRIK ASKO!

urtxintxa proiektua

URTXINTXA PROIEKTUA

Haur Hezkuntzak berebiziko garrantzia du bai haurraren garapen osoan, baita euskalduntze prozesuan ere. Etapa honetan garatzen hasten dira, hain zuzen, adimenaren gaitasunak, nortasunaren ezaugarriak, gorputzaren ahalmenak, gizarteratze eta harremanetarako hastapenak. Beraz hezkuntza arloan betekizun nagusia du. Betekizun horri erantzun nahian hezkuntza komunitatearen etengabeko ikerketa eta hobekuntza prozesuaren pauso berri bat da URTXINTXA proiektua. Proiektu honen berrikuntza nagusiak honakoak lirateke: hezkuntz proiektua hobetzea curriculum diseinuaren ulermen maila erraztuz eta koherentzia bertikala ziurtatuz; zehar lerroekiko konpromisoa indartzea; aniztasunari erantzuna emateko bide berriak jorratzea; eleaniztasunaren hainbat eragile integratzea; irakurketa idazketaren paradigma eraikitzailea garatzea.

txoko txuria

Gelan dauden txoko desberdinen artean, txoko txuria horietako landuenetariko bat daukagu.


Txoko txurian, momentuan lantzen ari den gaiaren inguruko gauzak (bai argazkiak, material fisikoa, etab.) jartzen dira, eskuragarri edukitzeko eta behin eta berriro bertan dauden gauzen izenak eta horiekin zerikusia duten gauzak ere errepikatzeko, esan daiteke bertan ipintzen diren gauzak beraiei buruz gehiago jakitean eta gaiarekin bukatzerakoan aldatzen direla. Adibidez, argazki honetan udazkena lantzen ari direla ikusi dezakegu, hostoak eta fruituak protagonistak direlarik.

taldekatzeko irizpideak


            Talde osoa, zehatz, gela osatzen duten 21 haurrak, lau taldeetan banatuta daude. Lau talde horiek desberdintzeko, beheko aldean dagoen argazkian ikusi ahal duzuen bezala, forma eta kolore desberdinak erabiltzen dira; triangelua (arrosa kolorekoa), erronboa (gorri kolorekoa), borobila (hori kolorekoa) eta laukizuzena (urdin kolorekoa) osatzen dituzte gelako taldeak. Hala ere, aipatu behar dut, berez gelan bost talde egon beharko zirela, baina espazioaren aldetik mahai gehiago eta apal gehiago jartzea ezinezkoa denez, horrela egitea adostu zen (argazkiari begiratzen badiozue, bosgarren taldea karratua izango zela konturatuko zarete).


            Gela lau taldeetaz osatuta dagoela esan eta gero, taldeak batera esertzen direla esan behar dut. Gainera, bakoitzak bere apalak ditu, bertan, talde bakoitzeko arkatzak, goraziak, lan- txostenak eta errotulagailuak dituztelarik.Txandaka ibiltzen dira
mahaira behar dituzten gauzak gerturatzeko, eta zeini tokatzen zaion hiru egunak igaro ondoren, arduradunak esaten du -tokatzen zaion izenaren gainean dagokion taldeko irudia jarriz.Azkenean, taldeko haur guztiak arduradunak izaten dira, eta egia esan, beraiei ilusio handia egiten die egun hori iristen denean, ardura handia dela dakitelako, eginbeharrekoa egiteko gai direla dakitelako eta hiru egun horietan beraiek protagonistak direlako ere.

           

lunes, 2 de enero de 2012

Psikomotrizitate gela

  • Psikomotrizitate gelako arauak:
            Psikomotrizitateko gelara joan baino lehen, gure gelan gaudenean, arauak behin eta berriro errepasatzen dira, haur guztiak eserita daudenean eta adi daudenean. Honako hauek dira gehienetan esaten direnak: ezin da minik eman eta ezin da minik hartu, euskaraz hitz egingo dugu eta besteak egiten dutena errespetatuko dugu.

            Arauak esan ondoren, ilara bat osatzen dute psikomotrizitate gelara abiatzeko, eta han daudenean, egiten duten lehenengo gauza zapatilak gelako alde batean kentzea eta uztea da. Behin oinutsik daudenean, irakasleen azalpenak entzuteko, gelako alde batean dauden bankuetan esertzen dira.

            Gatazkak sortzen direnean, gure laguntza eskaini behar diegu, baina haiek saiatu behar dira erantzun egokia ematen.



  • Psikomotrizitate gelako materiala:

          








 
  Psikomotrizitate gelan material ugari daukate edozein gauzetan jolasteko, besteak beste: jolas sinbolikoan, jolas librean, kasu batzuetan erlaxazioa, eta askoetan ere, beraien kabuz jolasten hasi aurretik, hainbat ariketa ere.

            Material asko eta asko, gelan bertan dagoen beste gela txiki batean sartzen da, horien artean: mozorro- jantziak, eskumuturrekoak, lepokoak, uztailak, koltxoneta txikiak, soka saltoak, eraikuntzako blokeak, plastikozko zangoak, etab. Gelan bertan dagoen materiala, aldiz, koltxonetak, horma- barrak, pilotazko igerilekua, piraten oihalezko etxetxoa eta koltxoneta txiki batzuk dira.

            Aipatzeko da, gelaren barruan dagoen material guztia irakasleak bakarrik atera dezakeela, haurren laguntzarekin ere.Eta jasotzeko ordua ailegatzen denean, oihalak eta erabilitako gauza guztiak denen artean dagokion kaxan ondo tolestuta eta ondo gordeta uzten dituzte, hurrengoan gela honetara bueltatzerakoan gauzak zeuden bezala eta zeuden lekuan aurkitzeko.

            Materialekin bukatu baino lehen, oso garrantzitsua iruditzen zait harresiaren unearena aipatzea. Une hau, eskolan egon naizen hilabete osoan zehar ez dut bizi…eta beraz, haurrek ere ez...Pena handia eman dit momentu hau ez ikustea, izan ere, umeak harresia botatzen duenean emozioak askatzen ditu eta gainera, garai honi hasiera emateko modu polit bat da. Baina egia da eskola bakoitzak eta irakasle bakoitzak saioa egiteko modu bat edo beste bat duela, eta hori errespetatu behar dugu.


Psikomotrizitate gelako espazioa:




     




     

  Espazioaren aldetik, oso gela zabala eta handia dela esan behar dut, gainera, edozein gauzetan jolasteko eta edozein mugimendu egiteko aukera ematen digu gela honek.Alde horretatik oso harrituta geratu nintzen gela horretara sartu nintzen lehengo egunean, inoiz ez dut horrelako gela handirik ikusi eta!

            Horretaz aparte, ispilu handi bat dago. Ispiluan, umeak  bere burua ikusiko du eta ikustean zer sentsazio dituen esperimentatu ahal izango ditu.

            Gela hau, leihoetaz inguraturik dago, baina esan behar da hauek ez daudela haurren neurrian jarrita, baizik eta nahiko altu kokatuta daude .Modu honetan, haurrak ez dira leihoaren beste aldean dagoen gauzetan zentratuko, egiten ari direnean arreta galduz. Beraz, jolasten edo egiten ari direnari arreta osoa eskainiko die.

Gelan dauden txoko desberdinak

            Gelan, hainbat txoko daudela ikusi dezakegu, esate baterako; liburutegi txokoa, txoko txuria, plastika txokoa, ordenagailuaren txokoa, etxetxo txokoa eta harrera txokoa.

            Dakigun bezala, txoko bakoitzean gauza desberdinak lantzen dira, eta gehien erabiltzen direnak, dudarik gabe, etxetxo txokoa, ordenagailu txokoa, liburutegi txokoa eta plastika txokoa dira.Aipatutako guztiak, goizeko lehen orduan, zehazki jolas librean, ibiltzen diren txokoak dira eta.Besteak, aldiz, hau da, txoko txuria eta harrera txokoa irakaslearekin lantzen dira, eta beraz, ez dira jolas librearen barnean sartzen.


        
Liburutegi txokoan, hainbat liburu ditugu aukeratzeko.Batzuk, beste batzuk baino sinpleagoak dira eta liburu bakoitza bakarra da, hau da, guztiak oso desberdinak dira haurren arreta pizteko.Gaiak ere desberdinak dira, eta beraz, nahiago duten liburuak hartzeko aukera dute.

Txoko txurian, blog honetan sortutako etiketa batean jarrita dudan bezala, haurrek, etxetik ekarritako gauzak edo bildutakoak jartzen dira. Gauza hauek momentuan lantzen ari den gaiarekin zerikusia izaten dute beti, modu honetan, haurrak, gauza horiek eskuragarri dituzte eta beraiei buruz gehiago dakite.

Plastika txokoan, gauza ugari dauzkate nahi dutena egiteko moduan. Gehien erabiltzen dena plastilina da, baita orria eta errotulagailuak marrazkiak egiteko.Haurrak libreki espresatzen dira, emozioak modu batean edo bestean adieraziz.

Ordenagailu txokoan, ordenagailu bakarra dago, beraz, haurrak txandaka ibiltzen dira honetan. Ordenagailuko programak hainbat gauzetan jolasteko aukera ematen digu, beti gaiarekin zerikusia dutenak; adibidez, ematen ari diren ipuina entzun dezakegu, hiztegia landu dezakegu, labirintoaren irteera bilatu dezakegu…Esateko da, irakaslea ordenagailua pizten eta itzaltzen duena dela.

Etxetxo txokoan, material pilo bat dute bertan jolasteko, besteak beste; lapikoak, arrautza frijituak, frutak, platerak, tomateak, etab. Haurrei asko gustatzen zaie txoko honetan jolastea, izan ere, beraien etxean  txikitatik ikusi dutena eta ikusten dutena bertan errepresentatzen dutelako, eta bitartean oso ondo pasatzen dutelako.Imitaziozko jolas hau “jolas sinbolikoa” bezala ezagutzen da.

Bukatzeko, harrera txokoa dugu.Txoko hau, jolas librea egin ondoren eta arduradunak bere eginbeharrekoak egin baino lehen erabiltzen da. Haurra guztiak lurrean eseri baino lehen, elkarri eskutik helduta borobil bat osatuz, eguneroko abestia abesten da ( abestia: Zatoz gurekin goazen eskua emadazu, hemen lagun pila bat egingo dituzu…lai-lai-lai…egingo dituzu….).Eta ondoren, klaseari abestiarekin hasiera eman eta gero, arduraduna bere lanak egiten hasten da.

domingo, 27 de noviembre de 2011

4. Hausnarketa


Jada praktikaldiko denbora pasa zaigu, honek orain arte hilabete oso bat pasa dugun ikastetxera ez garela itzuliko esan nahi du… baina, hala ere, izugarrizko oroitzapen onak eta iraganean baliagarriak izango zaizkidan gauzak jaso ditut bertan!!

            Orain arte ikasitako gauzez aparte, beste hausnarketetan aipatutakoez gain, azken aste honetan materia bat irakasteko modu ezberdinak daudela ikusi dut ( adibidez, zenbakiak ikasteko ipuin bat erabiltzea); haurrak etxetik ekarritako ipuinak, argazkiak, etab.-ei etekina ateratzea garrantzia emanez; ariketa bat ulertzeko orduan antzerki baten bidez egin daitekeela (adibidez, labirintoaren ariketarekin Nekanek egin zuena); haurrek etxera eraman behar dituzten oharrak nola prestatu behar diren; Mapa mundian eginiko ariketan bezala, umeen inguruneari garrantzia eman (beren gurasoak nondik etorritakoak diren esanez); eta, batik bat, gelan bakarrik zaudenean zer nolako jarrera izan behar dudan jakitea.

            Aurretik aipatu bezala, gelan bakarrik ariketa bat lantzeko geratu nintzanean, gauza hauetaz konturatu nintzen; klasea ematen ari zarenean zeure buruarekin seguru egon behar duzula, bai klase ematerako orduan, bai hitz egiterako orduan eta baita egoera ezberdinen aurrean aurkitzen zarenean ere. Hauek guztiak, haurrei segurtasuna ematen baitie ikasterako orduan eta baita zurekin harremanetan jartzeko orduan ere. Beraz, irakasterako orduan auto-kontzeptu positibo bat izatea komeni da, nire uste apalean.

            Gainera, orain arte aipatutako gauzez gain, ariketa, jolas, abesti, ipuin, etab. lantzerakoan ikasleak motibatzea ezinbestekoa dela ikasi dut, honen bidez, haurrak egin beharrekoaren aurrean gusturago eta gogo handiagoarekin azaltzen direlarik; ariketa bat egiterakoan, haur bakoitzak bere erritmoa daukala konturatu naiz, hau da, batzuk beste batzuk baina lehenago bukatzen dute eta gehiago kostatzen zaien haurrekin pazientzia edukitzeak garrantzi handia du (asko kostatzen baldin bazaio eta egiten ari dena bakarrik egiteko gai bada, bera konturatzeko denbora muga bat duela esan behar zaio); gurasoekiko harreman zabala izatea ikaragarrizko garrantzia duela esan behar dut, izan ere, egunean zehar askotan egoten baitira elkarrekin ( harrera unean, agurreko unean, oharren bidez…) ; IKT-ko alderdiari begira, Haur Hezkuntzan oinarrizko gauzak ikasten dituztela konturatu naiz ( xaguaren erabilera maneiatzen dute, teklatua erabiltzen dute, baina nahi duten moduan, ariketetan sartzen badakite baita ariketak egiten ere); jolas libreaz gain, gidatuak ere duen garrantziaz jabetu naiz, gidatuaren bidez haurrei ez dakitena egiten erakusten zaielako.

            Orokorrean hau izan da aste honetako bizipenen hausnarketa. Ikusten duzuen bezala, gauza asko izan behar ditugu kontuan eta gauza hauek egiten badakigu, nire ustez, irakasle on bat izateko prest gaude!!!